Protesta egingo dute bihar Irungo udal garbitzaileek
Udaletxe atarian elkartuko dira bihar, 11:30ean, SAMYL enpresak negoziaketarako duen jarrera eza salatzeko.
Irungo udal eraikinak garbitzen dituzten garbitzaileek bihar protesta egingo dute, azpikontratatuta dituen SAMYL enpresari langileen batzordeak bidalitako eskaerei kasurik ez egiteagatik. Iazko otsailetik maiatzera ere soldata arrakalaren aurka egin zuten protesta.
SAMYL enpresak komiteak egindako proposamenei kontra proposamen bat egingo ziela adierazi zien, baina ELA, LAB eta CCOO sindikatuek salatu dute ez dutela gutxieneko konpromiso hori bete. Gainera, gezurretan aritu direla aitzakiak erabilita salatu dute.
Sindikatuen esanetan Irungo Udala da negoziaketa bultzatzearen erantzulea, “baina udaletxeak ez dio presiorik egin negoziatu dezan”. Ohiko jarrera dela deitoratu dute: “Betiko moduan, erantzukizunari muzin eginda, langileak azpikontrataren esku uzten ditu”.
Azpikontratazioaren esleipena aurtengo ekainean bukatuko da eta SAMYL arduradrik gabe negoziaketa luzatzen ari dela salatu dute ere. Egoera horren aurrean, protesta egitea dela aukera bakarra defendatu dute.
Hala, bihar, 11:30ean, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.