Masterclass bat, Miren Gonzalezen eskutik
Artista tolosarrak ikastaro bat bideratuko du hilaren 28an Marrazketa eta Pintura Akademian. Izen-emateak hilaren 16tik 24ra egin behar dira.
Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Miren Gonzalez Goikoetxea artistaren masterclass bat egingo da hilaren 28an, larunbata, 10:00etatik 14:00etara, Marrazketa eta Pintura Akademian.
Masterclass horretan, parte hartzaileek artista tolosarraren obra guztia ezagutuko dute, eta sortzeko erabiltzen dituen prozesuak ere azalduko ditu. Partaideek ere pieza bat sortuko dute, Gonzalezen begiradapean.
Antolatzaileek azaldu dute parte hartzeko ez dela aurretiko ezagutzarik behar, hau da, edonork har dezake parte. Izen-emateak hilaren 16tik 24ra egin behar dira, Irungo Udaleko webgunean, eta ikastaroak 21,60 euroko kostua izango du.
Informazioa gehiagorako, pinturamargoa@irun.org helbide elektronikoa eta 606 22 04 17 eta 695 75 29 94 telefonoak ahalbidetu dituzte.
Miren Gonzalez Goikoetxea
Tolosarra jaiotzez, hogei urterekin Londresera joan zen Miren Gonzalez Goikoetxea, eta bertan ekin zion ibilbide artistikoari. Hiru urteren ondoren itzuli zen, eta Arte Ederren ikasketak egin zituen Cuencan eta Bilbon. Gerora, doktoretza ikasketak egin zituen Bilbon.
Eusko Jaurlaritzaren eta aldundiaren beka batzuekin bidaiatzeko eta hainbat herrialde ezagutzeko aukera izan zuen, hala nola, Thailandia, Argentina, Brasil eta India. Herrialde horietako elementuak baliatu zituen bere margolanetan txertatzeko, eta bisitatutako herrialdeen kultura eta aniztasuna jaso zuen zenbait proiektu piktorikoetan.
Azaldu dutenez, “funtsezkoak” izan dira arte zentroetan egin dituen egonaldiak, aurrena Bilbao Arten eta ondoren Artelekun. Egonaldi horietan prestatzen jarraitu eta bere ibilbidea artistikoa definitu du, batez ere, artearen munduarekin loturak ezarri ditu. 2012an Bitamine espazioaren sortzaileetako bat izan zen, 2015ean Kulturtruk proiektua sortu zuen elkarlanean, eta 2017tik Irunen egiten du lan, artisten topagune den Marte laborategian.
Gonzalezen margolanak mihise gaineko olioak izaten dira. Emaitza abstraktuak lortu arren, gehienetan inspirazioa objektu erreal batetik datorkio. Horrez gain, askotariko gaiak lantzen dituela jakinarazi dute, proiektu edo serie moduan, eta bisualki oso ezberdinak diren emaitzak izaten dituzte.