Ideialeku inauguratuko du bihar EAJk
Kolon Pasealekuko 27. zenbakian ekarpenak jasotzeko gune berri baten aurkezpena egingo dute bihar, 19:00etan.
Kolon pasealekuko 27. zenbakian, alegia, Yon Gallardo izozki dendaren ondoan, Ideialeku deituriko espazioa martxan jarriko dutela jakinarazi du gaur EAJ-PNVk. Inaugurazioa bihar izango da, 19:00etan.
Jeltzaleek hiriari buruz duten ikuspegia plazaratzeko erreminta gisa erabili nahi dute txoko berria. Era berean, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte.
Hori guztia gauzatzeko eztabaidak, bilerak, erakusketak, lan-gosariak, hitzaldiak edota elkarrizketa pertsonalak bertan egitea da EAJren proposamena. Entzute prozesu horretan zinegotziak, ordezkariak eta Xabier Iridoi bera izango direla aurreratu dute.
Ez dela hauteskunde egoitza, ezta batzokia ere azaldu dute, eta “Irun hobe bat posible dela uste duten eta nahi duten pertsona guztiak” animatu dituzte Ideialekura. “Ekarpenak egiteko eta entzuteko unea da”.
Ziurgabetasun egoera batean dagoela gizartea da EAJren irakurketa, eta Gipuzkoa aurrera doan heinean, “Irun gero eta urrunago” dagoela bilakaera horretatik iritzi dute. Langabezia tasa mahai gaineratu dute; izan ere, Gipuzkoako batez bestekoa baino %33 handiagoa dela salatu dute.
Oro har, bizi kalitatean eragin nahi dute: “Irundarren bizi-kalitatea kaltetua ikusi da, bestak beste segurtasun ezaren sentsazioagatik, osasun zerbitzuen egoeragatik, edo dugun mugikortasun zailagatik”.