Letizia Garciak eta Aitor Errazkinek irabazi dute II. Enrike Lekuona beka
'Soziolinguistika eskolan: gaztetxoen hizkuntza ohituren mudantzarako gakoa' ikerketa proiektua aurkeztu dute.
Enrike Lekuona bekaren bigarren edizioa martxan da. 2022an zabaldu zuten deialdia eta astearte honetan (urtarrilaren 10ean), irabazleen berri eman zuten. Ikerketa beka honen eremuak hiru dira: itsasoa, euskara eta ondarea. Hain zuzen, horiek direlako, besteak beste, Enrike Lekuonak landu zituen esparruak.
Bigarren deialdi honetan euskararekin zerikusia duten alderdiak aztertu nahi zituzten ikertzaileei zuzendu zitzaien: “Enrike Lekuona euskalzale amorratua baitzen” gogoratu zuen Xabier Isasik Arma Plaza Fundazioko kideak. Gainera, Hondarribiari dagokionez oso momentu onean datorrela esan zuen: “Euskara arrisku bizian baitago Hondarribian”. Txomin Sagarzazu Arma Plaza Fundazioko presidenteak ere “bekaz haratago” euskararen inguruko ikerketak egitea beharrezkotzat jo zuen. Izan ere, Soziolinguistika Klusterrak iaz aurkeztu zituen datuak “kezkagarriak” izan ziren: “Horregatik ikerketa hau oso interesgarria izango dela uste dugu”.
Miren Legorburuk, Enrike Lekuona zenaren emazteak bekarekiko poztasuna agertu zuen: “Bere garaian esan genuen bezala Enrike omentzeko modurik hoberena delako gazteen ikerketa hori sustatzea”. Proiektuari dagokionez “egin beharreko zerbait” dela uste du Legorburuk: “Guztion kezka delako euskararen erabilera jaitsi izana, batez ere gaztetxoen artean”. Horregatik arrazoiak aztertu eta egoera honi “buelta nola eman pentsatzen eta egiten” joan behar dela berretsi zuen.
Ikerketaren irabazleak
Letizia Garcia Fernandezek (Mondragon Unibertsitateko irakaslea) eta Aitor Errazkin Vicentek (Irungo AEKn irakaslea) aurkeztutako Soziolinguistika eskolan: gaztetxoen hizkuntza ohituren mudantzarako gakoa proiektua izan da irabazlea. Ikerketa hau burutzeko 10.000 euroko zuzkidura jasoko dute eta bi urte izango dituzte horretarako. Ondoren, jasotako datuak gizarteratu eta partekatu egingo dituzte.
Proiektua Garciak eta Errazkinek partekatzen duten kezka batetik sortu zen, eta deialdia ikusterakoan berehala jarri ziren lanean. Gizartean, eta, batez ere, gaztetxoen artean hizkuntza harremanez jabetzeko eta horren inguruan kontzientzia hartzeko beharra dagoela azaldu zuten eta horregatik, guzti hori ikertzeko eta datuak biltzeko ikerketa proposatu dute. Ama Guadalupekoa ikastetxeko 2.DBHko ikasleekin egingo dute ikerketa: “Teoria modu objektiboan eskaini nahi diegu, gero norberak bere posizioa hartu dezan eta garatu dezan”.
Soziolinguistikaz baliatuko dira horretarako eta metodologia mixtoa erabiliko dute: metodo kuantitatiboa eta kualitatiboa. Hil honen bukaeran inkesta bat banatuko diete ikasleek bete dezaten eta ondoren hasiko dira geletako esku hartzeak egiten. Gaztetxoekin hitz egin eta “tenperatura” hartzen tematuko dira: zer dakiten, zer entzun duten, munduko hizkuntzez zer dakiten, hizkuntza gutxituez… Ikasturte honen bukaeran datu bilketa bat egitea dute helburutzat.