Kalitatezko osasun publiko baten alde borrokan
Eguerdiko 14:00etan elkarretaratzea egin dute Hondarribiko Anbulategiaren atarian. Hirugarren anbulategia zein profesional kopurua handitzea eskatu dute.
Joan den abenduan Osasun Bidasoa plataformak agerraldia egin zuen eskualdeko egoeraren berri emateko. Bertan azaldu zutenez profesionalen eta udalen proposamen zein eskakizunei erantzunik eman gabe jarraitzen du Osakidetzak: “Osakidetzako Bidasoaren gerentziak eta Osasun Sailak ez dute inolako asmorik gure eskualdean, nahiz eta osasun arretaren gero eta narriadura handiagoa izan, konpontzeko neurriak hartzeko, eta ez dute inolako asmorik eskualdeko profesionalen eta eragindako udalen proposamenei erantzuteko konponbiderik bilatzeko”.
Horregatik, arazoari irtenbidea emango lioken hirugarren anbulatorioa exijitzeko, bai eta profesional kopurua handitzea eskatzeko ere bildu dira gaur eguerdian Hondarribiko Anbulategiaren parean, anbulategiko langileak, plataformako kideak zein herritarrak, Gure osasunagatik, S.O.S Bidasoa lemapean. Honakoa abenduaren 16an deituriko hiru elkarretaratzetatik azkena izan da. Abenduaren 22an Irun Erdialdeko Anbulategian bildu ziren eta 29an Dunboako Osasun Zentroan.