Aurrekontuek ez dutela herritarren bizitza "nabarmen" hobetuko dio EH Bilduk
Justizia soziala lehenesten duen edota berdintasunezko eta euskaldunago izango den gizartea eraikitzeko aurrekontuak behar direla iritzi dute.
Iazko abenduan onartutako aurrekontuen kontra bozkatu zuen EH Bilduk, eta herritarren bizitza hobetzeko proposamenak ez izatea da, partekatu duten hausnarketaren arabera, alde ez egitearen arrazoi nagusia.
Abertzaleen ildo nagusia “irundarren ongizatea bermatuko duten akordioak” lortzeko lan egitea dela azaldu dute, eta eredu gisa jarri dute alokairuko etxebizitzen lehen parke publikoa sortzeko lortu zuten adostasuna 2020an.
Dena den, oraingoan udal gobernuaren proposamenak ez zekarrela herritarren bizitza “nabarmen” hobetzeko bermerik deitoratu dute. “Guretzat hori da edozein akordio lortu ahal izateko funtsezko premisa eta oinarria”.
Adibide gisa jarri dute gizartea geroz eta zaharragoa dela eta ez dutela uste horiek ekarriko dituen erronkei aurre egiteko prestatzen ari direnik udalean. “Hiriak eratzeko modua aldatu behar dugu”.
PSE-EE eta Elkarrekin-Podemosek-IUk haien burua “udal gobernu eraldatzaile eta aurrerakoi gisa” definitzen dutela aintzat hartuta, aurrera egiteko aukera alferrik galdu dutela uste du EH Bilduk. “Azken urteotako aurrekonturik altuenak izan baitira justizia soziala lehenesteko eta hiri sentikor, burujabe, berdintasunezko eta euskaldunago baterantz bideratzeko”.
Zerrendatu egin dituzte 2023ko aurrekontuetarako koalizio abertzaleak egindako eta ukatu egin dituzten proposamenak: “Galdara komunitarioak dituzten familientzako laguntzak abian jartzea; Energia-pobrezia pairatzen duten pertsonentzako gizarte bonuak; Irunen lehen energia komunitatea sortzeko bultzada; Gizarte larrialdietarako etxebizitzak erostea, etxegabetze egoeren aurrean bizitoki alternatiba eskaintzeko; 2023ko Alardearen antolaketa; Hirugarren kiroldegi bat eraikitzea; Energiaren Agentzia Berdea sortzea”.
Euskara, trantsizio energetikoa, jasangarritasuna, berdintasuna, euskara eta gizarte ongizatearekin konpromisoa dutela berretsi nahi izan dute, eta oroitu dute udal gobernuak gai horiekiko “inertziaz” jokatu izan duenean alternatibak planteatzen aritu direla.
Proposamenei ezetz esan arren lanean jarraituko dutela adierazi dute, oinarrizko zerbitzuak auzo guztietara iristeko nahia betetzeko, eta udala herritar guztiengana hurbiltzeko ere. “Horrela ulertzen dugu politika, egiten duguna esanez eta esaten duguna eginez”.