Proiektu berriekin hasi da 2023a
Hiria hobetzeko zenbait obra proiektu martxan dira dagoeneko, eta beste batzuk datozen asteetan abiatuko dira.
2023a hasi da, eta Irungo Udalak datozen hilabeteetan egingo diren obra proiektuen berri eman du. Hauexek dira jarduketa horiek:
- Miguel de Ambulodi kaleko aparkalekua:
Udalak azaldu duenez, behin-behineko proiektua da, ikusteko baitago nola garatuko den Txenperenea. Parking berri horrek auzoko aparkaleku arazoak konpontzeko xedea duela jakinarazi dute, eta, horretarako, ibilgailuentzako 46 toki, motoak aparkatzeko eremu bat eta mugikortasun urriko pertsonentzako leku bat egitea proposatu dute. Lan horiek egiteko aurrekontua 130.000 eurokoa da, eta hiru hilabeteko epea izango dute gauzatzeko.
- Semaforoak instalatzea Andrearriagako bidean:
Kateako biribilgunetik Oiartzungo Gurutze auzora doan bidea da Andrearriaga. Bide horretan Bidaurre-Ureder industrialdearen sarbidea dago, eta udalak zehaztu duenez, bidegurutze horretan trafiko handia pilatzen da, tamaina askotako ibilgailu asko pasatzen baitira bertatik, bereziki astean zehar eta lanorduetan. Udalak gaineratu du bidegurutze hori arriskutsua dela, ez delako oso ondo ikusten, ibilgailuak bizkor joaten direlako, trafiko handia dagoelako eta ibilgailu horietako asko handiak direlako. Hori dela eta, beharrezkotzat jo dute semaforoak instalatzea. 70.000 euroko aurrekontua eta bi hilabeteko exekuzio epea izango dute lanek.
- Teodoro Murua kaleko espaloia hobetzea:
Irungo Udaleko obra arloak arazoren bat duten hiriko oinezkoentzako ibilbide edo loturak identifikatu dituela jakinarazi du. Eremu horietako bat Artia auzoan dagoela baietsi dute, futbol zelaira eta bertako aparkalekura sartzeko dagoen Teodoro Murua kalearen zatian. Oinezkoen espaloia zabalduko da, baina galtzadari lekurik kendu ezin zaiola iragarri dute, zirkulatzeko bi noranzko baititu. Gauzak horrela, espaloia ezponda aldera zabalduko dutela adierazi dute, hormigoizko baranda kenduta eta estuago bat jarrita. Argiteriaren kanalizazioak ere berrituko dira eta LED argiak jarri. Obra horiek 151.357, 27 euroko aurrekontua dute, eta hiru hilabeteko epea izango dute gauzatzeko.
Martxan dauden hiru proiektu horiez gain, beste batzuk datozen asteetan abiatuko direla ohartarazi du udalak. Hona hemen proiektu horien xehetasunak:
- Kateako pump track-a:
Pump track bat ondulazio biribilez hornitutako inertzia zirkuitu zirkularrak dira, asfaltozkoak, bizikleta edota patinentzako aproposak. Proposaturako instalazioak hiru zirkuitu dituela aurreratu dute, maila ezberdinekoak. Instalazio hori Katea auzoan egingo da, 376.461,09 euroko aurrekontuarekin eta hiru hilabete eta erdiko exekuzio epearekin.
- Larreaundiko azpiestazioko partzela berreskuratzeko obrak:
Proiektu horren xedea Iberdrolak Larreaundin zuen azpiestazio zaharraren partzela berreskuratzea dela azaldu du udalak. Horretarako, haurrentzako jolas eremu bat eta aisialdirako eremu bat eraikiko direla nabarmendu dute, kota ezberdinetan dauden bi egonleku sortuta, inguruaren orografiara egokitzeko. Obrek 339.621,26 euroko aurrekontua dute, eta bost hilabeteko exekuzio epea.
- Egungo bidegorriak hobetzea eta zoladura berritzea:
Irungo Udalak abiatutako 2022ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuan, boto gehien lortu zituenen artean bidegorriak hobetzeko proposamena zegoela jakinarazi du udalak. Helburua da hondatuta dauden zatiak berrikustea eta hobetzea, eta proposamen hori udal aurrekontuetan sartu zen. Proiektu horren barruan, egoera txarrean dauden bidegorrien zoladura berrituko da. Honako bidegorri zatietan egingo dira obrak: Ricardo Alberdi kaletik Antonio Valverde kalera doan bidegorrian eta horren jarraipenean; Artia kanalaren ertzetik Juan Luis Seisdedos kaleko bidegurutzeraino; Alai Txoko parkeko bidegorri zatia; eta Meakako bidegorriaren zati bat, Borda-Txikitik Meaka 92. zenbakiko sarbidearen bidegurutzeraino. Hobekuntza horien aurrekontua 129.909,28 eurokoa da, eta exekuzio epea, aldiz, bi hilabetekoa.
- Harrobietako parkeko jolastokiaren berrikuntza:
Harrobieta parkeko jolastokia goitik behera birgaituko dela baietsi du udalak, haurrentzako jolasak eta kalisteniako instalazioak berritzeko. Lan horiekin inguruaren estetikari balioa emango zaiola eutsi dute eta drainatzea eta argiteria ere hobetuko dira. Lan horiek gauzatzeko, hiriko haur jolastoki inklusibo berri bat sortuko dela aurreratu dute. Kautxuzko lurzorua instalatuko da erdialdean, eta adin eta gaitasun guztietako haurrentzako jolas elementuak jarriko dituzte. Horrez gain, parkearen eremu batean kalistenian eta mahai tenisean aritzeko eremua sortuko dute. Lanen aurrekontua 195.476,27 eurokoa da, eta lau hilabeteko exekuzio epea izango du.