Errugbilari gazteena izango da asteburua
Txingudi Errugbi Taldeko kide gazteenak izango dira asteburuan zelairatuko direnak, senior taldeek atsedena baitute.
Errugbilari gazteena izango da asteburua, Txingudiko Errugbi klubeko gazteen talde guztiek jokatuko baitituzte euren partidak. Senior taldeek, aldiz, atsedena izango dute asteburu honetan.
18 urtez azpiko taldeari dagokionez, Mutrikuko San Miguel zelaian arituko dira larunbatean, 11:30ean, Danon Arteanen aurka. Etxeko taldea hirugarren da sailkapenean, eta Txingudi-Uribealdeak hiru puntu gutxiago ditu; hortaz, gakoa izango litzateke irabaztea sailkapenean gora egiteko.
16 urtez azpikoek Donostiako Kote Olaizola mini estadioan zelairatuko dira. Errugbilari gazteek Bera Bera-Baztan taldearen aurka jokatuko dute larunbatean, 13:00ean. Bidasoarrek azken postuan bukatu dute lehen fasea, baina gogoz ekingo diote asteburuko neurketari garaipena lortzen saiatzeko.
14 urtez azpiko taldeak larunbatean hasiko du liga. Gaztedi B taldearen aurka arituko dira Gasteizen, Lakuako zelaian, 12:00etan. Txingudiren taldean honako klubak arituko dira ligan: Gaztedi B, Hernani-Atletico B, Eibar-Arrasate-Mutriku eta Zarautz-Beltzak.
Azkenik, errugbi eskolako gazteenak ere zelairatuko dira igandean. Gipuzkoako Errugbi Federazioak antolatutako topaketan, Logroñoko Pradoviejo zelaian arituko dira etxeko taldearen, Iruñaren eta Eibarren aurka.