Auto ilarak ekiditeko lan mahai bat sortuko dute udalak eta Jaurlaritzak
Trafikoaren araberakoak planifikatzeko baliatu nahi dute erakundeen arteko lan mahaia. Bestetik, erdigunea ez kolapsatzeko seinalizazioak jartzearen beharra mahai gaineratu dute alkateak eta Jaurlaritzak gaur izandako bileran.
Pasa den urteko udaran auto ilara luzeak izan ziren hiri osoan zehar, baita Irun eta Biriatu arteko bidesarietan ere. Horren aurrean Jose Antonio Santano alkateak konponbideak eskatu zituen, eta Cristina Laborda Udaltzainen ordezkariak Markel Olano ahaldun nagusiari bidesariak irekitzeko hitzarmena bete dezala ere eskatu zion abuztuan.
Hainbat eta hainbat izan dira eskaerak bai udalaren eta bai aldundiaren partetik, Frantziako Gobernuari Gipuzkoa eta Lapurdi arteko kontrolak kentzekoak, baina ez dituztela kenduko aurreikusi zuten euskal ordezkariek. Bada, Santanok arazoa garaiz heltzeko lanari ekin zion.
Hala, gaur Irungo udaletxean elkartu dira alkatea, Laborda eta Sonia Diaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria, auto ilaren ondorioak aztertzeko. Ordezkarien arteko lan mahai bat sortzea adostu dute, muga zeharkatzen duten ibilgailuen urteko joan-etorriak planifika ditzaten.
Bi noranzkoetan gauzatzen diren joan-etorriez aritu dira, eta bi aldeetatik doazenei informazio hobea eman behar zaiela azaldu dute. Batetik, errepideko seinaleztapena hobetu nahi dute, Biriatura iristea xede duten horiei garaiz ohartarazteko egoeraz.
Bestetik, Irun hiriaren sarreretako seinalizazioa ere hobetu nahi dute, Irundik soilik pasa nahi duten horiek hiriaren erdigunean sar ez daitezen, eta horrela, hiri barrena kolapsatu ez dadin.