"Bertso saio ganberroagoak izango dira, bertso-poteoen espirituarekin"
Bertso gauen espiritua Hondarribian berpiztuko da gaur, 19:30ean, Muaran. Irati Alcantarilla, Emaitz Murua eta Josu Ibarguren arituko dira. Ekainera arte, hilabete bakoitzeko lehen ostiraletan antolatuko dituzte ‘Bertso-poteo estatikoak’.
Abenduan iragarri zenuten, Kabigorrin bederatzi urtez Bertso Gauak antolatu ondoren, egitasmo berrietan murgilduko zinetela. Itxaronaldia ez da luzea izan. Zer sentimendu duzue une honetan?
Gogotsu gaude. Irunabarrek Txingudiko Bertso Eskolak kudeatzen ditu eta partzuergoarekin ari garenez, Irun, Hondarribia eta Hendaia aintzat hartzen ditugu bertan. Gehiena Irunen egin izan dugu orain arte, baina egia da eskualdeak badituela beste errealitateak, eta beste herrietan eragin nahi dugu. Muararekin beti izan dugu hartu-emana. Orduan, Kabigorriko egoera bukatzen ari zela ikusita, eta beste zerbait sortu genezakeelakoan, pentsatu genuen Muararen aukera ezin hobea zela. Ilbeltzan hasiko gara, eta ondoren ikusiko dugu. Printzipioz ekainera bitarteko proiektuari ekingo diogu, eta funtzionatzen badu eta harrera ona badu, heldu den ikasturtean jarraipena emango diogu.
Nola heldu diozue hasiera berri honi?
Gogoz, baina egia esan, beldur pixka bat ere badugu, ez baita Kabigorrin egiten genuen gauza bera izango. Espiritua bera da. Azken finean, eskualdeko bertsozaletasunari plaza bat eskaini nahi zaio, erreferentziazko gune bat sortuz, eta aldi berean, bertso eskoletako ikasleei eta ondoko edo gertuko bertsolariei plaza bat eskaini nahi diegu. Helburu horiek berberak dira, baina egitasmoa plazaratzeko modua desberdina da. Kabigorrin, orain arte, jaialdi estiloan antolatzen genuen: gai jartzaileekin, bertsolari gehiagorekin… Oraingoa pixka bat ganberroagoa izango da. Bat-bateko saioak izango dira, baina librean, gairik gabe. Bertso-poteoetan egoten den espiritu berarekin, entzuleekin hartu-eman gehiagorekin, eta gertutasunarekin. Horrek beldur pixka bat ematen digu, esperientzia berria baita. Baina ondo joango delakoan nago.
Norengana heldu nahi duzue?
Mundu guztiak dauzka ateak irekita. Irunen egiten genituenetara Hondarribiko edo eskualdeko jendea ere gerturatu izan da. Hondarribian ere beste elkarte batzuekin elkarlanean egin izan ditugu noizbehinka bertso saio batzuk, eta harrera ona izan dute. Orduan, eskualde guztia nahi genuke batzea honetara, baina bereziki Hondarribiko jendea, bertsozalea, euskalduna edo euskaran aritu zalea, eta eragilea.
Formatua «ganberroagoa» izango denez, inoiz horrelako zerbaitera hurbildu ez den norbaitentzat hasiera polita izan daiteke gainera, ezta?
Bai. Esan bezala, jaialdietan edo izan berri dugun txapelketa honetan ere, solemnitate bat egoten da. Egia da ikusgarria dela oso, baina entzulearen eta bertsolariaren arteko arrakala nabarmena da, eta hemen bertsolaria entzulearekin batera dago. Azken finean, ez dago oholtzarik, denak maila berean daude. Libreko ariketak diren neurrian eta bat-batean aritzen direnez, inolako heldulekurik gabe, egoerak eskaintzen dituen heldulekuei makurtu behar dira normalean bertsolariak, eta, horrek, interakzioa askoz ere gertukoagoa izatea eragiten du. Hortik dator ganberrismoa. Beti ere, entzulea eta bertsolaria errespetatuta, egoera goxatuta. Bertsozalea sortu egiten da. Entzunda, bertan jardunda eta eraginda sortzen den zerbait da.
Saioetako bertsolariak eskualdekoak izango dira?
Helburua bada beti bertso eskolako kide bat behintzat aritzea. Hortik aurrera inguruko bertso eskoletako lagunak eta kideak ere deituko ditugu, noski. Esate baterako, lehenengo saioan [gaur da, 19:30ean Muaran], Irati Alcantarillak, Emaitz Muruak eta Josu Ibargurenek abestuko dute. Irati etxeko bertsolari gisa, gure haurren bertso eskoletako irakaslea da eta hainbat bertso eskoletan aritutakoa. Josu Oiartzundik dator, eta Emaitz Oreretatik. Aurrerantzean, gertuko bertsolari horiek, bai eta Bortzirietako, Ipar Euskal Herriko eta beste zenbait bertso eskoletako bertsolariek ere izango dute plaza hemen.
Irunek urte askoan izan du bertsotan aritzeko plaza bat, baina Hondarribian ez da horrelakorik izan.
Ez behintzat halako maiztasunarekin. Egia da Bertsozale Elkarteak udalarekin edo beste zenbait elkarterekin urtean behin edo bitako saio batzuk antolatu izan dituela, eta tokian tokiko herri eragileekin antolatutakoak inoiz izan badira, askoz ere puntualagoak izan dira. Gogoratzen dut duela pare bat aldiko Korrikan, Korrika Kulturala egin zela hemen, eta bertan aritu ginela kantuan. Baina ez da halako maiztasunarekin egindako proiekturik izan. Hau, printzipioz, lehena izango da.
Nolakoa izan da eskualdean bertsogintzarekiko harremana?
Bertsoa beti egon da, eta erreferentziazko bertsolariak ere izan dira hemen, Satarka edo Bordari esaterako, baina badirudi ez zaiola bertso munduari hainbesteko garrantzirik eman, kanpotik behintzat. Hala ere, bizirik dago eta ondarea den neurrian zerbait eman behar dugu etorkizunean jendeak gerturatzeko leku bat izan dezan.