Ekialdeko gazteentzako aisialdirako gunea ireki dute
Artian Gaztelekua ireki dute aste honetan. Irunen sortu duten bigarrena da, eta Martindozeneakoaren jarduna osatzea du xede, baina ekialdeko gazteengatik gertuagoko kokalekuarekin.
Bigarren gaztelekua ireki dute Artia auzoko Julio Caro Baroja 3 plazan. Aurkez- pena abenduaren 30ean egin bazuten ere, urtarrilaren 3an ireki zuten ofizialki ataka. Hartara, Irunen bi gazteleku daude dagoeneko: Martindozenea Lapitze auzoan, eta Artiakoa.
Txokoa ezagutzeko aukera izan du HITZA-k. Tailerrak egiteko gela bat, sukalde bat eta espazio libre asko ditu. Oraindik futbolin bat edota sukaldea guztiz bukatzea falta dira, baina hastapenetan daudenez, pausoz pauso joango dira osatzen. Lierni Soage bertako hezitzaileak argi azaldu du ideia “espazioa erabiltzaileei egokitzea” dela.
Gaztelekua irekitzea gobernu akordioaren helburuetako bat zela oroitarazi zuen Santi Jimenez Gazteria zinegotziak, eta nabarmendu zuen gazteak etorkizuna direlako beharrezkoa dela hirian haien lekua dutela sentitzea. Zerbitzu berri horrekin Haur eta Nerabeen I. Planean hartutako konpromisoa betetzen ari direla zehaztu zuen zinegotziak. Bestalde, Aratz Irigaraik, gaztelekuko beste hezitzaileetako batek azaldu du Artia auzoan gune berria ezartzeko arrazoietako batzuk udal zerbitzuak falta diren auzoa izatea, eta Irun ekialdean gazte asko bizi direla dira.
Orain arteko Gazteleku bakarraren funtzioa osatzea du asmo Artiakoak, Soagek adierazi duenez. Hau da, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei aisialdi aktiborako gune bat da, haien egitasmoak egin ahal izateko zerbitzuak eskainiko dituena, gaztelekuak berak antolatutako ekintzetan parte hartzeko aukera izatearekin batera: “Parte hartzeko kultura aktibo eta arduratsu bat sortu eta zabaldu nahi dugu gazteen artean, komunitateko subjektu aktiboak izan daitezen”. Artiako gazteek haien programazioa propio erabakitzeko aukera izango dute, Martindozenearekin bat egin behar gabe. 200 metro koadroko gune berria asteartetik ostegunera bitarte izango da zabalik, 17:00etatik 20:00etara; ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara.
Zalantzak argitzeko 681 94 67 98 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidal daiteke. Gaztelekuko 94 35 00 61 zenbakira ere dei daiteke; Instagrameko kontua @gazteleku_artia da. Gazteen erantzunaren zain, baina martxan daude.