Futbola itzuliko da Stadium Galera igandean
Eguberrietako etenaldiaren ondoren, Real Union lehiara itzuliko da etzi. Ligako bigarren postuan den Castello jasoko dute, 16:00etan.
Eguberrietako etenaldiaren ondoren, Real Unioneko talde nagusia lehiara itzuliko da igandean. Partida zaila izango dute txuribeltzek, ligako bigarren postuan den Castelloren aurka jokatuko baitute Stadium Galen, 16:00etan.
Espainiako Kopatik at geratu baziren ere, ligako bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko dira irundarrak. Momentu honetan, sailkapeneko hamahirugarren postuan da Real Union, igoera postuetatik lau puntutara eta jaitsierakoetatik hirura. Liga oso berdindua dago, baina garaipen batek igoera postuetara hurbilduko lituzke txuribeltzak.
David Movilla entrenatzaileak Castello indar handiko taldea dela onartu du, eta etenaldiaren ondoren, txuribeltzak lehiarako prest daudela iragarri du: “Castellok maila handiko jokalariak ditu, kalitate handikoak, joko erritmo altukoak eta ahalik eta gehien behartuko gaituztenak. Guk, Kopako partidaren, etenaldiaren eta merezitako atsedenaren ondoren, lan dezente pilatuta ekingo diogu neurketari, saio bikoitzeko jardunaldiekin. Orain zama jaisten ari gara partidara modu ezin hobean iristeko”.