Martindozenea Gaztelekuak gogotsu hasiko du urtea
Hamar jardueraz osatutako programazioa datorren asteartean, hilak 10, hasiko da, kirol eskola batekin. Izen-emateak irekita daude jada.
Irungo Gazteria Zerbitzuak antolatuta, hamar jarduera berrik osatzen dute Irungo Martindozenea Gaztelekuaren urtarrileko programazioa. Hilabete osoan zehar, 12 eta 17 urte bitarteko gazteek aisialdiko jardueren programazio zabala eta askotarikoa izango dutela jakinarazi du udalak.
Jarduerak datorren asteartean hasiko dira, hilak 10, kirol eskola batekin, eta hilaren 31n bukatuko dira. Gazteek egingo dituzten ekintzen artean bizikleta konpontzeko tailerrak, osasuntsuago jateko sukaldaritza ikastaroak edota kirol eskolak izango dira. Horrez gain, Artiako Gaztelekuaren inaugurazioa dela eta, hilaren 21ean, larunbatarekin, bisita gidatu bat egingo da bertara zentro berria ezagutu ahal izateko.
Matrikulazio epea irekita dago jada, eta izen-emateak hiru modutara egin daitezke: 943 63 68 26 telefonora deituta, 690 70 64 71 telefonora WhatsApp mezu bat bidalita edo gazteleku@irun.org helbidera mezu bat idatzita.
Hilabeteko programazio osoa Irungo Udaleko webgunean kontsulta daiteke.