Ermita kalea berrurbanizatuko dute
643.480,25 euroan esleitu diote lanen lehenengo fasea egiteko ardura URBYCOLAN enpresari. Eremua antolatzea da obren asmo nagusia.
Ermita kalea berrurbanizatuko dutela jakinarazi du gaur Irungo Udalak. Obra horien lehen fasea gauzatzeko lizentzia eman dute 643.480,25 euroan, eta URBYCOLAN S.L da lanen esleipena irabazi duena.
Nagusiki oinezkoentzako bidea da egokituko dena, eta kale altzariak berritu egingo dituzte. Itxura aldaketa bat ere izango du, lorategiak jarriko baitituzte. Lana akabera eta zolagainak berritzean datza batez ere.
Dena den, helburu askotako obrak direla azaldu du gaur Irungo Udalak: Irisgarritasun unibertsala bermatzea; Ibilgailuen zirkulazioaren aldean oinezkoen segurtasun eta erosotasunari ematea lehentasuna; Jarduketa eremua Irungo multzo historikoan integratzea; Espazioak antolatzea, paseatzeko eta atseden hartzeko gune atseginak eta interakzio sozialerako topalekuak eskainita; Eremuaren itxura haren izaera historikoarekin koherentea izatea; Eremuko monumentu historikoen ingurua haiek behar bezala bistaratu eta gozatzeko beharrezkoak diren elementuez hornitzea eta ondare eraikina errespetatzea; azpiegiturak hobetzea; eta ingurua ingurumenean integratzeko elementuyak sortzea, berdegune eta lorategiak, alegia.