Aulki mugikorreko bigarren estropada, larunbatean
Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligak aurrera darrai, eta larunbatean lehiatuko da bigarren estropada Bidasoa ibaian, 14:30etan.
2022ko abenduaren 18an denboraldia hasi ondoren, Santiagotarrak Arraun Elkarteko aulki mugikorreko taldeek sasoiko bigarren estropada egingo dute larunbatean, hilaren 7an. Arraunlariek Bidasoa ibaiko jaitsieran hartuko dute parte, 14:30etik aurrera.
Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligan Bidasoa ibaiko hiru jaitsiera daude: iragan abenduaren 18koa, larunbat honetakoa eta hilaren 21ekoa. Horiez gain, beste sei estropada ere egingo dituzte denboraldian: otsailaren 12an, maiatzaren 27an eta ekainaren 17an, Legution; eta martxoaren 18an eta apirilaren 1ean eta 29an, Orion.
Larunbateko estropadan Hondarribia, San Juan, Arraun Lagunak, Ur Kirolak, Orio, Hendaiako Endaika eta Donibane Lohitzuneko Ur Joko itsasoratuko dira.
Orotara, 400 kirolari eta 130 traineru baino gehiagoren parte hartzea espero da. Santiagotarrak taldeak 72 arraunlari eta 28 ontzirekin lehiatuko du.