Guztion Alardeak alkatearen erantzuna jaso du
Eguberrietan jaso du Guztion Alardeak 2022ko ekainean eginiko eskakizunaren erantzuna. Alarde Fundazioaren eta EAJren alkategaiaren arteko bileraz ere mintzatu dira.

Guztion Alardeak 2022ko ekainean luzatu zien Alarde Fundazioari zein udalari, Hondarribiko emakume talde zabal baten babesarekin, Alardean emakumeen parte hartzea eskatzen zuen eskaera formala; hiriko Jai Nagusien egun handia gauzatu baino hiru hilabete lehenago, alegia. Alarde Fundazioaren erantzuna (ezezkoa) abuztuaren 18an jaso zuten, alkatearen erantzuna, berriz, abenduaren 21ean jaso dute.
Lehenik erantzunaren atzerapenarengatik barkamena eskatu zien Sagarzazuk eta Alardearen antolaketa udalari ez dagokiola adierazi ondoren, egungo egoerari aurre egiteko “bideak sustatzen” ari dela zioen erantzunean. Guztion Alardeak eginiko eskaera ere elkarrizketa prozesu horren barnean kokatu du alkateak.
Guztion Alardearen ustez baina, “hitzak ederrak” diren arren, ez dutela elkarrizketa prozesu horren berririk izan esan dute, eta konponbide bat bideratzeko “ausardia” bere esku dagoela gogorarazi diote.
Bestalde, abenduaren bukaeran Alarde Fundazioko ordezkariak Gonzalo Carrion alkategaiarekin bildu ziren, eta bertan Alardeari buruzko iritziak eta ikuspegiak partekatu zituzten. Fundaziotik azaldu dutenez Alardea antolatzeko eskubidea “aitortu” zien Carrionek, eta “jaiegun horiek sentitzeko eta bizitzeko modu desberdinen arteko ulermena erraztuko duten agertokietan lan egiteko konpromiso sendoa” hartu zuen.
Guztion Alardeko kideei, ordea, “sinestezina” iruditu zaie Alardea “emakumeen parte hartzea debekatzen duten herritar batzuen esku uzteari zilegitasuna ematea”. Carrionek hartutako konpromisoa aldiz, begi onez ikusi eta horrekin bat egin dute: “Gatazka luze eta mingarri honen eragileak mahai baten bueltan esertzeko garaia dela uste dugu” eta elkarrizketari zein negoziazioari ekiteko “gogotsu” daudela esan dute.