EH Bilduk Bidasoko autobus zerbitzuak hobetzea eskatu du
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako murrizketak salatu eta Bidasorako bi autobus linea berri proposatu dituzte.

Bidasoko EH Bildu “zur eta lur” azaldu da Ekialdebuseko murrizketen aurrean, eta “egungo zerbitzuak hobetuko lituzketen autobus linea berriak” proposatu ditu.
Koalizioko eskualdeko zinegotziek eta Oskar Bordes batzarkideak salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako autobus lineen “birmoldaketen aitzakian inplizituki murrizketak” daudela. Aldaketa horiekin, E26 linea E27 izatera pasako 18:00etatik aurrera, eta Belaskoenea, Anaka, Puiana eta Urdanibia auzoetarako zerbitzuak murrizteaz gain, autobusak helmugara 15 minutu beranduago iritsiko direla jakinarazi dute.
Murrizketak salatzeaz gain, EH Bilduk gogorarazi du duela aste batzuk Foru Aldundiak Bidasoan dituen autobus zerbitzuak hobetzea proposatu zuela, “gauzagarriak izateaz gain, herritarren bizi kalitatea hobetzeko beharrezkoak liratekeen hobekuntzak baitira”.
Zehazki, bi linea berri proposatu zituzten koalizioko kideek: Hondarribia eta Irun 30 minutuero Donostiako Ospitalearekin A-8 autobidetik lotuko lituzkeena eta bi hiriak Lezoko industrialdearekin lotuko lituzkeena. Hegoaldeko ingurabidea egungo garraio publikoko zerbitzuak hobetzeko aprobetxatzea ere eskatu zuten.