Urtea ondo bukatzeko, San Silbestrea
San Silbestrearen XIII. edizioak normaltasuna berreskuratuko du, San Pedro kalean hasi eta bukatuko da. ADELA elkarteak jasoko du lasterketaren irabazien %100-a.
Sport Mundi elkarteak antolatzen duen San Silbestre lasterketak hamairu urte beteko ditu aurten. Bi urtez jarraian aldaketak izan ondoren —2020an lasterketa birtuala egin zen eta 2021ean hondartzako aparkalekutik abiatu ziren lasterkariak— ohiko ibilbidea berreskuratuko du aurten: hilaren 31n, San Pedro kaletik 16:30ean irten eta hondartza aldera abiatuko dira lasterkariak. Ondoren, Butroi pasealekutik igaro, Arraun Elkartera heldu, eta Alde Zaharreko Kale Nagusitik gora egin beharko dute. Azkenik herrira jaitsi eta San Pedro kalean amaituko dute bidea. Izaera solidarioa du lehiak. Aurten, ADELA elkarteak jasoko du lasterketaren irabazien %100; alboko esklerosi amiotrofikoa duten gaixoei bizitza hobe bat ahalbidetzeaz arduratzen da elkarte hori. Beñat Elzo lasterketan ere —Sport Mundik antolatzen du— 15.221 euro bildu zituzten ADELA elkartearentzako.
Hondarribiko San Silbestrea batez ere familian gozatzeko lasterketa da. Hala definitu du Eneko Beldarrain Sport Mundiko kideak: «Lasterketa ez da oso laua, eta beraz, ez da denbora ona egiteko proba bat. Ibilbidea motza da, eta familia askok parte hartzen dute». Urtea kirola eginez eta herri giroan bukatzea «oso polita» da Beldarrainentzat, «eta zer esanik ez, gainera, helburu solidario bat duen proiektu bat babestuz egiten bada».
Bestalde, Bidasoaldean kirola sustatzea ere bada antolatzaileen helburua. Atzoko datuen arabera, 1.100 pertsona ziren izena emana zutenak: horietatik %89 gipuzkoarrak dira, batez ere Irun eta Hondarribikoak; %5,6 Ipar Euskal Herrikoak dira, eta gainerakoak Euskal Herriko nahiz Espainiako Estatuko beste herrialdeetatik iritsiko dira.
Lasterketan izen ematen duen orok (kirolprobak.com webgunean) elastiko bat jasoko du opari. XIII. edizioko kamiseta zuria izango da, eta berdez, horiz eta beltzez zipriztindutako lerroak ditu. Beldarrain: «Aurten kolorea eman nahi izan diogu elastikoari, alaitasuna eta poza berreskuratzeko». Kamisetak eta dortsalak hilaren 29 eta 30ean, 16:30etik 20:00era Hondartza kiroldegian jaso beharko dira.
Antolakuntzatik, gainera, aintzat hartu dute izen emate goiztiarra. Azaroan izena eman zutenek zozketa batean parte hartu zuten. Eta gaur beste zozketa bat egingo dute, Realaren kamiseta edo Movistar txirrindularitza taldearen ekipazioa zozketatuko dute.