[Erreportajea] Eguberrietako merkatuaren dizdira gaur itzaliko da
Herriko hamabost merkatari eta artisauk parte hartu dute 2022ko Eguberrietako merkatuan. Azoka gaur itxiko den arren, datorren astean tailerrak eskainiko dituzte merkatariek.
Gaurko 20:00etan itzaliko dira Eguberrietako merkatuaren argiak. Iragan urteetan asteburu bateko iraupena izaten zuen merkatuak. Aurten, ordea, astebete izan dute merkatari zein artisauek beren produktuak eskaintzeko. «Herriaz disfrutatzeko eta herrian erosteko», bai-eta merkatari zein artisauei «ikusgarritasuna» emateko intentzioarekin prestatutako iniziatiba izan da. Hala azaldu zuen Maria Serrano udal ordezkariak merkatuaren aurkezpenean.
Eguberrietako argiz inguratutako egurrezko zortzi etxolatan, besteak beste, arropa, eskulanak, marrazkiak, zeramika eta kosmetika produktuak erosi ahal izan dituzte bertaratu diten herritarrek. Orokorrean, baina, jende gutxi hurbildu da aurtengo merkatura. Bertan izan diren merkatariek esan dutenez, gehienak herritarrak izan dira, nahiz eta kanpoko baten bat ere «argiek erakarrita» gerturatu den. Egunez etxolak oharkabean pasatu direla sentitu dute han izan diren merkatariek.
Azken urteetan kokaleku ezberdinak izan ditu merkatuak: Itsas Etxea, Gernikako Arbola, Jostaldi, Santa Maria Madalena plaza… Aurten, Arrantzale auzoan jarri dute, eta hori izan da postuak jarri dituztenek sumatu duten arazo nagusietako bat: «Udako merkatuak bi toki dauzka: urtero San Pedro kalean edo Butroi pasealekuan egin izan ohi da. Baina badirudi neguko merkatuarekin ez dutela asmatzen, eta urtero tokiz aldatzeak ez du laguntzen». Dena dela, horrelako azokek herriko merkatari zein artisauen artean harremanak sendotzen eta estutzen dituztela uste dute: «Hori izan da positiboena».
Postuak gaur itxiko diren arren, Eguberrietako espiritua luzatu nahi duenak izango du horretarako aukera. Datorren astelehenetik urtarrilaren 3ra bitarte, haur zein helduentzako Eguberrietako tailerrak eskainiko dituzte herriko hainbat eragilek: Eguberrietako girlandak egiteko tailerra 26an da; platerena 27an; Eguberrietako koroa egiten ikastekoa 28an; ilustrazio eta estanpaziori buruzkoa 29an; egur bolena, 30ean; eta Gabonetako pertsonaien tailerra urtarrilaren 3an izango da. Horien informazio zehatza eta kultur jardueren egitarau oso-osoa bidasoa.hitza.eus atarian dago eskuragarri.