Beñardo Garciak jasoko du Irungo Urrezko Domina
Bozeramaileen Batzordeak "aho batez" onartu du Bidasoa Irunek helarazitako proposamena. Omendua eskubaloi taldeko presidentea izan zen klubaren une gozoenetan.
Bidasoa Irun eskubaloi taldeko presidente izan zen Beñardo Garciak jasoko du Irungo Urrezko Domina. Bidasoak helarazi dio Irungo Udalari presidente ohia errekonozitzeko proposamena, eta Jose Antonio Santano alkateak Bozeramaileen Batzordeari eskaera hori helarazi ondoren, “aho batez” onartu dela baietsi dute. Sari horren ematea osoko bilkuran formalizatuko dute urtarrilean, eta otsailean jasoko du omenduak domina udaletxean.
Eskaeran, “Irungo kirolaren zerbitzura egindako lana” goraipatu du Bidasoa Irunek, eta gogorarazi dute “bere agintaldian, kluba eskubaloiaren hamarkada miresgarri baten protagonista izan zela Irunen”. Beñardo Garcia irundarra da jaiotzez, eta, egun, Bidasoa Iruneko ohorezko presidentea da. Bera da karguan denbora gehien egon den pertsona, hiru etapatan: 1979-1987, 1988-1992 eta 1994-1999. Eskubaloi taldeak bere agintaldian eskuratu zuen bere lehen liga 1987. urtean, eta lorpen horretatik abiatuta iritsi ziren klubaren hamarkada loriatsua eta Artalekuko udal kiroldegiaren ibilbidea: 1995eko Europako Kopa eta 1997ko Europako Errekopa.
Santano esker oneko azaldu da Garciaren lanarekin eta ibilbidearekin, eta errekonozimendu hori “bidezkoa” dela eta “merezita” duela esan du: “Hiriak beti zor izango dio esker ona Beñardori, nekaezin jardun baitu Irungo kirolaren eta eskubaloiaren alde. Haren izena, eta berarekin joan ziren pertsona guztiena, betirako lotuta egongo da Bidasoa zale guztien etapa zoriontsu eta ilusionagarrienetako batekin. Horregatik eta beste arrazoi askorengatik, bidezkoa baita eta merezia baitauka, hiriak bere bereizgarri nagusia emango dio, hiri honetako balioak oso ondo ordezkatzen ditu eta: lana, apaltasuna eta Irunekiko harrotasuna”.
Urrezko Domina
Irungo Urrezko Domina 2003an eman zen lehenengoz. Errekonozimendu horren xedea da beren lanarekin gizarteari bizikidetza, tolerantzia, eskuzabaltasun eta konkordia balioen ekarpena egin dioten pertsonak edo elkarteak aitortzea. Aldi berean, gizartean tolerantzia eta begirunea sustatu nahi dira.