ADIFek etorkizuneko tren geltokiko obrak esleitu ditu
Lanak 2023an hasiko dira, Via Irun proiektuaren barruan, eta bi urte eta erdiko iraupena izatea aurreikusi dute.
Berria hilaren 9an eman bazen ere, gaur berretsi da ADIFek Irungo etorkizuneko nazioarteko tren geltokia eraikitzeko lanak esleitu dituela. Jose Antonio Santano alkateak baietsi du “albiste bikaina” dela gaur jasotakoa: “Albiste bikaina da urtea bukatzeko, izan ere, aspalditik ari gara horretan lanean. Hitzetatik ekintzetara igaro gara behingoz, eta hiriaren historiako inbertsio publiko garrantzitsuena da, 65 milioi euro izango baitira. Hirigunea eraldatzeko palanka da, Via Irun proiektuaren garapenarekin batera”.
Obrak 2023an hasiko dira, Via Irun proiektuaren barruan, eta bi urte eta erdiko iraupena izatea aurreikusi dute. Lanak Obrascon Huarte Lain eta Construcciones Adolfo Sobrino enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zaizkio, 65 milioi eurotan.
Zerbitzu guztiak bilduko dituen eraikin berria trenbide eremua berritzeko giltzarrietako bat dela esan du Irungo Udalak. Etorkizuneko geltokiak hitzartutako trenbide eta hiri betekizunei erantzungo die. Gauzak horrela, aduana zaharraren aldean etorkizunerako aurreikusitako garapenekin integratuko da, eta, aldi berean, hiria intermodalitatearen eta mugikortasun jasangarriaren erreferente gisa finkatuko dela azaldu dute.
Zubi gisako eraiki bat egitea planteatu dute, bideen gainetik joango dena. Mendebaldean San Migel auzoarekin egongo da lotua plaza berri baten bidez. Horren harira, egungo eraikina eta nasen ondoko beste higiezin tekniko batzuk eraitsiko dira. Beste aldeko konexioa, aldiz, Sebastian Errazu kalea lotzeko hiri pasabide baten bidez egingo da.
Beste lan batzuen artean, trenbideak berrantolatuko dira, eta bigarren eraikin txikiago bat egingo dute autobusentzat eta autoak alokatzeko. Taxi geraleku bat eta bizikletentzako aparkaleku bat ere eraikiko dira. Horrez gain, eraikin nagusiko estalkiak 180 panel fotovoltaiko izango ditu eguzki energia hartzeko, eta aparkalekuaren berrantolaketaren barruan, 150 plaza egingo dira, horietako batzuk ibilgailu elektrikoentzako izango direlarik, birkarga puntuekin.