Trafiko aldaketak San Tomas eta pilota jaialdiagatik
Irunen egingo diren bi ospakizunek trafiko aldaketak eta mozketak ekarriko dituzte hirira bihar eta ostiralean.
Bihar, San Tomas Eguneko azoka dela eta, hiriko ohiko trafikoan aldaketak izango dira. Eguzkialdea kalea balizatu eta Uranuz, Korrokoitz eta Ama Xantalen kaleak itxiko dira 17:00etatik 23:00etara. Hori dela eta, gune horietatik pasatzen diren hiri autobusen eta hiriartekoen ibilbidea aldatu egingo da, eta Urdanibia plazako geralekua bertan behera utziko da aldi baterako. Irtenbidea honakoa izango da: Larreaundi auzorako eta inguruetarako zerbitzua bermatzeko, E-25 autobusek Euskal Herria hiribidearen behealdean izango dute geralekua, Larreaundiko biribilgunearen ondoan, eta, gero, berriro igoko dira.
L-4 lineak, berriz, ohikoa den moduan, Olaberrian emango du buelta, eta, ondoren, Urdanibiara joan ordez, Euskal Herria hiribidetik igoko da Gipuzkoa hiribidea hartu eta Fermin Calbetonera jotzeko.
Ostiraleko pilota jaialdia
Ostiralean, aldiz, Urantzu pilotalekuan egingo den pilota jaialdia dela eta, 17:00etatik aurrera Junkal kalea itxiko da, partidak telebistaz emateko beharrezkoak diren ekipoak instalatzeko; zehazki, Papinea eta Salvador Etxeandia kaleetako bidegurutzeen artean itxiko da.
Pedro de Hirizar kalera sartzeko, ibilgailuek Salvador Etxeandiatik sartu beharko dute, edo Junkaletik kontrako noranzkoan. Bestalde, Junkal kaleko 10 zenbakiko pasabidetik ateratzen diren ibilgailuek Pedro de Hirizar kaletik irten beharko dute.