Sareren futbito txapelketa, finalaren atarian
Bihar jokatuko dira futbito txapelketako finalerdiak eta finala Urantzu pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.
Iragan asteburuan, Sareren San Tomas futbito txapelketako lehen faseko partidak jokatu ziren, eta urtero bezala, Urantzu pilotalekua “preso eta iheslarien etxeratzeko aldarrikapen gune” bilakatu zela eutsi dute antolatzaileek.
Egun, euskal presoek eta haien familiek hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketetako bati bukaera ematear daudela aipatu dute: urruntze politika. Horren harira, Irundik urtarrilaren 7an Bilbon ‘Etxera bidea gertu’ lelopean egingo den manifestaziora begira beren “aletxoa” jartzen ari direla baietsi dute antolatzaileek.
Kirol arloari dagokionez, hamabi talde kantxaratu ziren asteburuan, eta hiru taldez osatutako lau ligaxka sortu zituzten. Multzo bakoitzeko lehena sailkatu da bihar jokatuko diren finalerdietarako, eta Larragane Ostatuko Gaupiak, Al Kasaba, Castin75 eta Solfamidas taldeak dira ligaxka lehen postuan bukatu zuten lau taldeak.
San Tomas Egunarekin batera, arratsaldeko 17:00etan hasiko da lehen finalerdia Urantzun, Larragane Ostatuko Gaupiak eta Al Kasaba taldeen artean. Lehen neurketa jokatuta, bigarrenari ekingo diote Castin75 eta Solfamidas taldeek, 17:40ean. Galtzaileak hirugarren eta laugarren postuaren lehian ariko dira 18:20ean, eta, ondoren, final handia jokatuko da 19:00etatik aurrera.
Txapelketa bukatuta, sari banaketari ekingo zaio, eta urtero egiten duten moduan, ‘San Tomas Saria’ emango diote eskualdean elkarbizitzaren alde lan egiten ari den elkarte bati. Aurten Irungo Gure Eskuri egingo diote aitortza.