Real Union, Kopako ametsa luzatzera
Lehen Mailako Mallorca jasoko dute gaur txuribeltzek Stadium Galen txapelketako bigarren kanporaketan, sailkatzeko helburu argiarekin.
Real Unionen Espainiako Kopako ametsak aurrera darrai, eta Cadiz menperatu ondoren, Lehen Mailako Mallorca jasoko du gaur bigarren kanporaketan Stadium Galen, 21:00etan. Txuribeltzak momentu onean dira, ligako azken lau partidetatik hiru irabazi baitituzte, sailkapeneko azken postuetatik atereaz. Gaurkoa, baina, ezberdina izango da, Lehen Mailako talde baten aurka arituko baitira partida bakarrera. Gailentzen dena hurrengo fasean izango da, eta hori da, hain zuzen, irundarren helburua: kanporaketa pasatzea.
Ildo horretatik mintzatu da David Movilla txuribeltzen entrenatzailea, eta ez ditu dauzkaten helburuak ezkutatu: “Taldearen pentsamoldea kanporaketa pasatzen saiatzea besterik ezin da izan, eta Mallorca kanporatzeko asmoz ekingo diogu partidari”.
Munduko Txapelketak eragindako liga etenaldi derrigortuagatik, Mallorcak gaurko partida prestatzen hiruzpalau aste daramatzala iragarri du Movillak, eta asteburuan neurketarik ez izateak baldintzatuko ez dituela esan du, are eta arriskutsuago bilakatuko ditu: “Mallorca oso talde borrokatua da, Lehen Mailan denboraldi bikaina egiten ari dena. Gainera, ez dute aterako duen hamaikakoa baldintzatu dezakeen ondorengo partidarik, eta guztiarekin etorriko dira. Egoera hori erronka eta motibazioa da guretzat. Hoberenei aurre egitea baino hoberik ez dago”.
Movillak, baina, argi ditu zein izan daitezkeen kanporaketa igarotzeko gakoak, eta ziur da zaleen babesa ezinbestekoa izango dela: “Ziur gaude gure bertsiorik onenarekin konektatzen badugu partida on bat egiteko eta kanporaketa gainditzeko gaitasuna dugula, baina horrek guztiak duen zailtasuna jakinda. Jendeak taldearekin konektatu behar du eta partida gurekin jokatu. Hori da gure abantaila”.