Olentzero eta Mari Domingi, ostiralean Meakan
Siutz ikastetxetik abiatuko dira 17:30ean, eta Auzo Elkarteko plazara joango dira. Harrera egin ondoren, haurren gutunak jasoko dituzte.
Ostiralean, hilak 23, Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira Meaka auzora. Aurreikusi dutenaren arabera, 17:30ean irtengo dira Siutz ikastetxeko sarbidetik, eta, bertatik, Meakako Auzo Elkartearen plazatxora hurbilduko dira 18:00ak aldera.
Plazan aurreskuarekin egingo zaie harrera, eta, ondoren, beren lekua hartuko dute haurren gutunak jasotzeko. Antolatzaileek azaldu dute harrera ekitaldia eguraldiaren menpe egongo dela, eta gutunak ematen diren bitartean, elkarteko taberna irekiko dutela.