Garbitzaileen lan baldintzak hobetuko dituen akordioa lortu dute
Amaitu da langileen zazpi hilabeteko greba. ELA Sindikatuaren esanetan "erresistentzia kutxa" ezinbesteko tresna izan da "akordio ona" lortzeko.
Amaitu da langileen borroka. Lortu dute. Zazpi hilabeteko grebaren ondoren (eta horietatik lau greba mugagabean egon ondoren), beren aldarrikapenak jasotzen dituen akordio bat sinatu dute. Joan den ostiralean Donostiako Lan Ordezkaritzan bildu ziren langileak, enpresa eta udaleko ordezkariak, eta bertan adostu zuten aurre akordioa aztertu ondoren, atzoko egunez langileen asanbladan sinadura behin betikotu egin zuten.
Hori horrela, soldata arrakala ezabatzea; 2022tik 2026ra erosahalmena galduko ez dutenaren bermea; enpresak hitzarmena aplikatu beharko duela bermatzen duen klausula; eta norberak nahi duenerako bi jai egun izatea lortu dute.
ELA Sindikatuaren esanetan “erresistentzia kutxa” ezinbesteko tresna izan da hilabete hauetan, baina “borrokari esker akordio ona lortu dugu” adierazi du. Dena dela, lan baldintzak hobetuko dituen akordioa lortu badute ere, ez dute ahaztu nahi izan grebak iraun bitartean udalak “entzungor” egin diela langileen eskaerei.
Bihartik aurrera normaltasunez itzuliko dira lanera.