Irundarrek GI-636 errepidea moztu dute Behobian
Juan Thalamas kalean ibilgailuen abiadura muga orduko 30 kilometrora murrizteko bildu dira beste behin. Oraingoan trafikoa moztu dute.
Irundarrek GI-636 errepidea moztu zuten larunbatean Behobian Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztu dadin eskatzeko. Antolatzaileek eutsi dute eremu hori hirigunea dela, eta egunero 25.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen direla. Horietako asko kamioiak dira, eta batzuek salgai arriskutsuak garraiatzen dituztela jakinarazi dute.
Gaur egun, istripuek ugaritzen jarraitzen dutela iragarri dute. Hori dela eta, Trafiko Mozketen Kanpaina abiaraztea erabaki dute, ‘Protesta egin eta biziraun’ lelopean, “biktimak egon direla salatzeko eta haiek oroitzeko”.
Ibilgailu kopuru handi horrek auzoko biztanleekin, oinezkoen pasealekua eta bidegorria erabiltzen duten oinezko eta txirrindulariekin, Azken Portu kiroldegiko erabiltzaileekin eta kale horretan geralekuak dituzten hiriko eta eskolako autobusen erabiltzaileekin espazioa partekatzen duela baietsi dute. Horrez gain, eremu hori “puntu beltza” dela aitortu dute, baina dauden “interes pribatu eta politikoek (Zaisako Plataforma Logistikoak, espekulazio urbanistikoak eta lurzoruaren erabilera aldaketak) ezinezkoa egiten dute ekimenak aurrera eramatea”. “Hamabost hilabeteko lan gogorraren ondoren, administrazio bidea eta bide politikoa agortu dira”, gaineratu dute.
Duela urtebete Irungo Osoko Bilkuran “aho batez” hartutako erabakiak, Arartekoak egindako jarduerak eta hamar erakundek osatutako talde baten espedienteak “emaitzarik” izan ez dutela plazaratu dute. Hamar erakunde horiek Stop Accidentes, Red Ciudadana de Sevilla, Artiako Lagunak, Ekologistak Martxan, Eguzki, Equo Berdeak, Kalapie, Balazta, Bidasoaldeko Lagunak eta Gure Esku Dago dira.
Irungo Udalaren Osoko Bilkuraren akordioa ibilgailuen abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztekoa zen, eta “trafikoa baretzea eta baketzea” aurreikusten zuela azaldu dute. Horrez gain, neurri horrek hiru helburu zituela zehaztu dute: mugikortasun seguru eta jasangarria, airearen kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztea.