Alardea jasotzen ez duen V. Berdintasun Plana idazteko agindua eman du Santanok
Gizarte eragile eta udal ordezkariekin adostutako planean alardeagatik bizitako indarkeria matxista eta sexista aitortzea eta prebenitzea jaso dute. Emakundera plan hori bidali du Miren Etxebeste ordezkariak.
2023 eta 2027 urteetarako Berdintasunerako V. Plana idazteko lanean hasi zen Irungo Udaleko Berdintasun arloa 2022ko urtarrilean. Baina, ez da udaletxeko mahai batean era pribatuan jorratu duten lana izan, gai honetan lanean diharduten Irungo beste gizarte eragileekin eta alderdi guztietako udal ordezkari banarekin lan mahai bat erabili dute plana idazteko. Horren harira, Elkarrekin Podemos-IUko kideek agerraldia egin dute gaur. Jose Antonio Santano alkateak alardea planetik kanpo gera dadin urratsak egin dituela azaldu du Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak.
Aurtengo urriaren 27rako planaren zirriborroa idatzita zegoen, kontrastatzeko fasea pasa eta egin ziren ekarpenak jaso eta gero. Orduan, bozketa egin zuten lan mahaikide guztien artean, eta Uxoa elkartea izan zen dokumentua babestu ez zuen bakarra. Elkarrekin-Podemos, EH Bildu eta EAJko ordezkariek aldeko botoa eman zuten, eta PSE-EE eta PPk abstentziora jo zuten. “Ez zuten dokumentu zirriborro horren aurka bozkatu”, azaldu du Etxebestek.
Beraz, batzordeko udal ordezkarien eta eragile guztien gehiengoa zuen planak, eta ordura arte “administrazio prozesua normaltasun osoz” egin zen, Etxebestek azaldu duenez.
Gatazka adostasuna lortzerakoan hasi zen, urriaren 27an bertan. PSE-EEk eztabaidarako eta azterketa politikorako gune berri bat sortzea erabaki zuen, udal arautegitik eta ohiko administrazio prozesutik kanpo, dokumentua aldatzeko, ateak itxita, zirriborroa idazteko parte hartu zuten eragilerik gabe. “Alardeari buruzko erreferentzia guztiak kentzeko asmoarekin”, argitu du Etxebestek.
Udal arautegitik kanpoko espazio hori sortzearen babesa PP eta EAJk eman zioten PSE-EEri. Espazio hori “politikoa” dela salatu du Etxebestek, eta gune horretan PSE-EEk egindako ekarpen guztiak onartzeko teknikoen kontrastea beharrezkoa dela aldarrikatu du ordezkariak.
Akordio bat egin zuten, hortaz, PP, PSE-EE eta EAJk, eta Berdintasun Zerbitzura bidali zuten abenduaren 13an, Jose Antonio Santano alkatearen agindu zuzenarekin, talde teknikoari aldaketak edota inolako balorazio eta kontraste teknikorik egiteko aukerarik gabe: beste plan bat idazteko agindua zen. Presaz egindako eta baloraziorik gabekoa dela prestatzen ari diren plana adierazi du ordezkariak, Emakundek berdintasun planen garapena diruz laguntzeko ezartzen duen epera garaiz ailegatu nahi dutelako. Epe hori abenduaren 16an amaitzen da.
“Ez dut ordezkari gisa balorazio eta kontraste teknikorik gabe dokumentu hori bidaliko”, deitoratu du ordezkariak, eta lan mahaian garatu zuten dokumentua dela bidali duena baietsi du Etxebestek. V. Plan horretan alardea aipatzen dela ziurtatu du, “gehiengo sozial, tekniko eta politiko zabalak” onetsitakoa.
Bien bitartean, berez, Santanoren aginduz beste dokumentu bat lantzen ari dira teknikariak, eta posible da Emakundek Irungo Udaletik bi txosten jasotzea datozen egunetan. Ikusteko dago Eusko Jaurlaritzaren erakunde horrek auzia ea nola kudeatuko duen.
Agerraldian David Nuño Elkarrekinen bozeramailea ere izan da. Adierazi du orain arteko prozesua errespetatu egin behar dela, eta plana “garden eta publikoki” aldatzeko edota atzera botatzeko leku bakarra Irungo Udaleko osoko bilkura dela. “Beste guztia lan egitea litzateke inor ohar ez dadin alardearen faktorea kentzeko inolako eztabaida politikorik gabe”.
Alardea V. Planean