Irunek Espainiako Gobernuko berdintasun sari bat jasoko du
Hiriak emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko egin duen lana errekonozitu du gobernuak. Bihar jasoko dute saria Madrilen.
Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak Irun saritu du hiriak emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko egindako lanagatik. Gobernuak Irun eredutzat jarri du, eta Irungo Udalaren ‘Indarkeria sexistaren alorrean arreta eta erakundeak koordinatzeko protokoloa’ errekonozitu du. Irungo hiriak bihar jasoko du saria Madrilen. Jose Antonio Santano alkatea eta Miren Etxebeste Berdintasun ordezkaria izango dira ekitaldian.
Espainiako Gobernuak honakoagatik errekonozitu du hiria: “Aurkeztutako proposamenaren kalitateagatik, uste dugu interes handikoa izan daitekeela beste erakunde batzuentzat: eraginkorra eta berritzailea da, eta aukera ematen du beste testuinguru batzuetan ere aplikatzeko”.
Alkatea ere “oso harro” azaldu da Irunek jasotako errekonozimenduarengatik: “Ohore bat da Irunentzat Berdintasun Ministerioak berdintasunaren alde egin dugun lana errekonozitzea. Irunek eredu izan nahi du eta sari honek bide onetik goazela adierazten du. Protokoloaren sorrera emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko borrokan aurrerapauso bat izan da. Helburua da aktibatu behar ez izatea, baina erabili beharko balitz, erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa da eta protokoloak biktimaren babesa bermatzea bilatzen du”.
Protokoloa
Udalbatzak “aho batez” onartu zuen protokolo hori 2021eko maiatzean. Udalak azaldu du dokumentua emakumeen erakunde eta elkarteekin batera egindako lanaren emaitza izan zela. Protokoloaren ardatz nagusiak biktima artatzea, erantzun publikoa ematea eta instituzioen arteko koordinazioa dira. Udalak baietsi du euren helburua dela prebentzioan eta instituzioen arteko koordinazioan aurrera egitea, eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea.