Bidasoa Irunek garaipenarekin bukatu nahi du urtea
Gaurkoa izango da 2022ko azken neurketa, eta sentsazio onekin bukatu nahi dute irundarrek. Mazedonian jokatuko dute, Europako seigarren jardunaldian.
Bidasoa Irunek gaur agurtuko du 2022. urtea EHF European Leagueko Multzoen Faseko seigarren jardunaldiarekin. Aurkaria iragan astearteko berbera izango da, Eurofarm Pelister mazedoniarra, baina gaur Artalekutik kanpo arituko dira, Ipar Mazedoniako Boro Curlevski pabiloian, 20:45ean.
Irundarrak sailkapeneko hirugarren postuan dira sei punturekin, eta aurkariak, aldiz, laugarren dira, laurekin. Gaurko lehia irabazten badute urrats garrantzitsua eman dezakete hurrengo fasera sailkatzeko bidean, eta Jacobo Cuetara prestatzailea kontziente da parez pare duten aukeraz: “Hemen puntuatzea edo irabaztea ia behin betiko urratsa litzateke sailkatzeko, eta oso urrats garrantzitsua hirugarren posturako borrokan. Aurreko partidekin hori eskubide hori irabazi dugu eta ilusioz gaude”.
Aurreko astean bidasoarrek nagusitasunez poltsikoratu zuten mazedoniarraren aurkako partida (32-20), eta bere egin zituzten jokoan zeuden bi puntuak. Gaurkoa, baina, ezberdina izango da, eta Cuetarak argi du ezin dutela erreferentziatzat hartu Artalekuko partida: “Joaneko neurketaren alderdi positiboak zein negatiboak hartu behar ditugu, gehiago eta hobeto errenditzen lagundu behar digutenak, baina ezin dugu erreferentziatzat hartu Irunen egon zen aldea”. Horrez gain, prestatzaileak argi du nola aurre egin behar dioten gaurko norgehiagokari: “Hamabi goleko aldeaz ez galtzeaz gain, irabazi ahal izatean pentsatu behar dugu. Hori izan behar da abiapuntua hemen aurkituko dugun infernuan partida on bat egiteko”.
Bidasaorrek gaurkoan ez dute Artalekuren berotasuna izango, eta klubetik azaldu dutenez, pabiloi mazedoniarra goraino beteko da. Egoera horren aurka ere jokatu beharko dute irundarrek: “Lepo beteta egongo da pabiloia, sailkatzeko garrantzitsua den partida da eta 2022ko azkena. Horrek Eurofarm Pelisterrek eman dezakeen maila gorena ematen lagun dezake, oso altua baita. Kontziente izan behar dugu horretaz. Irunen egin genuen bezala, egiten dugun jokoagatik tope hori ez ematea lortu dezakegu”.
Artalekutik urrun, hotza
Artalekun “lehiakorrak” izaten ari badira ere, kanpoan erregulartasun hori lortu ez dutela onartu du Cuetarak. Aurtengo denboraldian puntu asko utzi dituzte bidean, eta egoerarekin gustura ez badaude ere, gaurko partidara begira daudela aitortu du prestatzaileak. Ondoren, baina, hilabete eta erdiko atsedena izango dute, eta “hausnartzeko” tartea izango dutela iragarri du bidasaorren entrenatzaileak: “Etxean lehiakorrak izan gara, baina kanpoan ez dugu lortu. Min ematen digu, ez baikaude gustura egin dugun lehen itzuliarekin. Oraingoz, mentalizatuta eta gaurko partidara begira gaude, gero izango dugu denbora gertatutakoa hausnartzeko. Azken neurketa honi begira jarrita gaude, polita da, Europako Txapelketakoa, motibagarria eta ilusioz beterikoa. Aukera paregabea dugu”.