[Erreportajea] Harrizko pareta lodien barnean ezkutatzen dena
San Telmo gaztelua 1598an eraiki zuten. ‘Ad reprimenda pirratarum latrocinia’ irakur daiteke sarrerako armarriaren azpian: egindako lapurretengatik, piratak zigortzeko sortua izan zela dio bertan.
Hondarribiko Udalak eskuratu berri du San Telmo gaztelua. Ofizialki uztailaren 26tik da udalarena, beraz, herriarena. Ondare den eraikina ezagutarazi nahi du udalak, eta aldi berean, parte hartze prozesua abiatu nahi du han zer egin erabakitzeko. Indusketa arkeologikoak ere egingo dituzte.
Erromatarren garaikoak dira San Telmo gazteluaren inguruan aurkitu diren lehen aztarnak. Egun Fraideen hondartza edo Asturiagako portua bezala ezagutzen den hondartzan erromatar garaiko, II. eta III. mende inguruko itsasontzi bat hondoratu, eta haren barruan gordetzen zituen altxorrak aurkitu zituzten 1960ko eta 1980ko hamarkadetan. Erromatar garaitik Erdi Arora, ordea, hutsune handi batekin egin dute topo arkeologoek.
Haatik, gaztelua aztertzera heldu zirenean hipotesiekin hasi ziren lanean. Baliteke XIII. mendean San Telmo gazteluan defentsa dorre bat existitu izana. Mota horretako dorreak kostaldean, eremu altuetan eta herrietako sarrerak babesteko leku estrategikoetan eraikitzen ziren. Bertara heldu zirenean, azalera karratua duen eta pareta lodiak dituen eraikin batekin egin zuten topo. Gainera, barrutik, garaiko leiho estu originalak ikus daitezke.
Mendeetan zehar aldaketa handiak jasan ditu monumentuak. XVIII. mendean, bolborina Hondarribiko erdigunean zegoen kokatuta. Herritarrek, ordea, ez zuten haren inguruan bizi nahi. Horrenbestez, Higer inguruko eraikin karratua material arriskutsu hori gordetzeko leku aproposa izan zitekeela iruditu zitzaien. Bolboraz betetako 1.500 upel eraman zituzten bertara. Horregatik, 1755ean, eremua babesteko, defentsarako horma lodi bat eraiki zuten kanpoaldean. XX. mendean ere beste hainbat aldaketa jasan zituen gazteluak. Izan ere, jabe ezberdinen eskuetatik igarotakoa da. Hori dela eta, aldaketa horiek guztiak kontuan hartu behar izan dituzte adituek.
Finean, 1598an Felipe II.aren erregealdi amaieran, Juan Velazquezen agindupean eraiki zen monumentu historikoa da. Hiru eraikin aurki daitezke haren barruan: dorrea, tropen kuartela, eta ofizialen pabiloia. 1964an ondare kultural izendatu zuten orduko Espainiako agintariek. Ondoren, ondare kulturalen eskumena erkidegoen esku geratu zenean, Babes maila sailkatua izendapena eman zioten 1990ean.
Itsasoarekin zein marinelekin erlazionatu izan da beti gaztelua. Kondairak dio ekaitzak itsasontziak bortitz astintzen zituen egunetan, trumoi izpien artean azaltzen zela San Telmo. Orain herriarena da.