Punta-puntako pilota jaialdia Uranzun, hilaren 23an
Binakako Promozio Txapelketa eta Binakako Txapelketako partida bana jokatuko dira. Sarrerak dagoeneko eros daitezke.
Abenduaren 23an goi mailako pilota jaialdiari ostatu emango dio Uranzu pilotalekuak. Horren aurkezpena egin dute gaur Borja Olazabal Kirol ordezkariak eta Aspe enpresako arduradunak.
Bi partida dira jokatuko direnak eta 21:00etan hasiko dira. Lehena, Binakako Promozio Txapelketaren baitakoa da, eta Bakaikoa eta Morgaetxebarriaren eta Exposito eta Bikuñaren artekoa izango da.
Bigarrenik, Binakako Txapelketako lehiaz gozatu ahalko dute bertaratuko direnek. Ezkurdia eta Martija, Jaka eta Arangurenen arteko norgehiagoka izango da. Aipatu beharra dago Ezkurdia Lau eta Erdiko Txapelketako azken irabazlea da.
Sarrerak eskuratu daitezke jada orrialde honetan eta txarteldegian egunean bertan, 20:00etatik aitzin. Bi prezio ezarri dituzte, 25 euroan erreboterako eta goiko alborako, eta 30 euroan kantxarako.