Euskal Literatur eta Diskak plazara
28. Euskal Liburu eta Diska Azoka bihartik igandera arte egongo da Arrantzale auzoan. Aurten, azoka osorik izango da.
Bi urteren ondoren, normaltasunera itzuliko da Hondarribiko Euskal Liburu eta Diska Azoka. Bihar 11:00etan zabalduko dira Arrantzale auzoan ezarriko dituzten postuak, eta igandera arte egongo da Euskal literatur idazleen eta musikagileen produktuak erosteko aukera.
Durangoko azokarekin batera zabalduko da aurten azoka, eta hari keinu bat egitez bertan aurkeztuko dituzten zenbait nobedade %10eko deskontuarekin erosteko aukera izango da.
Karmele Jaio, Jon Gerediaga, Iban Zaldua, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Fermin Etxegoien, Joanmari Irigoien, Juan Luis Landa, Jon Arretxe edo Toti Martinez de Lezea egileen lanak, besteak beste, aurkitu ahal izango dira bertan. Musikariei dagokienez, Huntza, Zea Mays, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Mikel Urdangarin edo Ruper Ordorika bezalako artisten lanak eskainiko dituzte.
Hondarribiko Udalaren ekimenez eta Euskadiko Liburu azoken batzordearen laguntzarekin antolaturiko azoka da. Asier Muniategi batzordeko ordezkari gisa bertaratu da gaur goizeko Aurkezpenera. Juan Luis Silanes zinegotziak, halaber, gonbita luzatu die herritarrei “bertan eta euskal kultura” kontsumitu dezaten. Ordutegia honakoa izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etik 20:30era.
Erakusketa
Azokaren bitartean, ‘Amatasuna, Euskal idazle emakumeak’ erakusketa egongo da ikusgai.
Hondarribia saria
Gaur goizean jaso du Patri Urkizu idazle lezoarrak Hondarribia saria, euskal kulturaren alde egin duen lan “bikainagatik” izan da saritua. Udaletxeko Areto Nagusian jaso du oroigarria: Erreginaren Baluartea irudikatzen duena.