Irungo Udalak 'Betiko' Eguberriak antolatu ditu
'Betiko Gabonak, inoiz ez bezala' lema sortu du udalak. Gabon argien ordutegia murriztu dute, kostua %25 gutxitzeko.
Iragan astean iragarri zuten Eguberrietako Irungo Udalaren kanpaina. Betiko Gabonak, inoiz ez bezala da erabiliko duten leloa eta urtarrilaren 8ra arteko egitaraua da osatu dutena. Lemaz gain, kartela ere kaleratu dute eta Mai Egurza izan da egilea.
Kanpainaren aurkezpena egin zuten joan den ostiralean alkateak, Miguel Angel Paez alkateordeak, Borja Olazabal eta Santi Jimenez ordezkariak. Oiasso Museoko kide, ostalari eta merkatarien elkartekoak ere izan ziren han.
Dagoeneko kaleko argiak piztu dituzte. Bestalde, egitarauan hiru jarduera dira nagusienak. Horiei dagokienez, hiru izotz pistak hilaren 16an irekiko dituzte, urtarrilaren 15era arte; Zabaltza plazako azoka abenduaren 16tik urtarrilaren 5era izango da, eta Sargia parkeko Eguberrietako herrixka, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra.
Atrakzio horien indartzeko asmotan kaleko animazioak antolatu dituzte, txarangekin eta zuzeneko musikarekin. Berritasunak ere iragarri dituzte, hala nola, Eguberrietako filmen ziklo txiki bat Mendibil Merkataritza Guneko zinemetan.
Dinamizatzeko ere apaingarriz hornitutako bola erraldoi bat mugitzen ari dira auzoz-auzo. Oiasso Museoak ere bere aletxoa jarri du eta tailer batzuk eskaini ditu. Beraien orrialdean kontsulta daitezke.
Kultura arloak programazio berezia antolatu du ere, kontzertuak, zinema emanaldiak eta San Tomaseko feria. Halaber, jaiotzen eta Olentzeroren erakusketa izango dira eta Eguberri gaueko kantu jaialdi tradizionala. Bestalde, Olentzero eta Errege Magoak bidean daudela jakinarazi du udalak.
308 argiak pasa den ostegunean piztu zituzten eta urtarrilaren 6ra bitarte izango dira piztuta. Aurten ordu gutxiago egongo dira piztuta, 18:00etatik aurrera hain zuzen. Beste urteetan ordu erdi lehenago pizten zen. Itzaltzerakoan ere murrizketak izango dira eta 00.00etan itzaliko dituzte, 01:30ean beharrean. Egunero bi ordu gutxiago egongo dira piztuta eta %25eko aurrezpena egitea aurreikusi dute.