Irundarrek garaipenaren bidetik jarraitzen dute Eurofarm Pelister gainditu ondoren (32-20), eta euren esku dago Europan jarraitzea.
Bidasoa Irunek oso garaipen garrantzitsua lortu zuen bart EHF European Leagueko Multzoen Faseko bosgarren jardunaldian Eurofarm Pelister talde mazedoniarra nagusitasunez garaitu ondoren (32-20). Bidasoarrek ez zuten huts egin urteko Artalekuko azken partidan, eta bere egin zituzten jokoan zeuden bi puntuak. Garaipenarekin bidasoarrak sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira sei punturekin, eta eskura dute hurrengo fasera sailkatzea. Horrez gain, Europako Txapelketan Artalekun jokatu dituzten neurketa guztiak poltsikoratu dituzte, hirutik hiru.
Norgehiagoka parekatua hasi zen, baina Bidasoak abantaila txikiak har zitzakeela iragarri zitekeen hasieratik. Hamabosgarren minutuan mazedoniarren entrenatzaileak lehen hutsartea eskatu zuen 10-7ko markagailuarekin, eta hortik aurrera, abantaila murriztu beharrean, erabat handitu zuen Bidasoak. Irundarrek denboraldi osoan egin duten lehen zatirik onenetakoa izan zen atzokoa, eta markagailuan nagusitasunez joan ziren atsedenaldira (20-12).
Bigarren zatian zazpi minutuz golik sartu gabe egon baziren ere, defentsaren eta Mehdi Harbaoui atezainaren lan onek soilik gol bakarra jasotzea ahalbidetu zuten. Bidasoarrek, gainera, ezin hobe kudeatu zuten abantaila, eta garaipena ez zen arriskuan egon. Xabier Landa gazteak ere Europan debuta egiteko aukera izan zuen azken bost minutuetan. Azkenean, bidasoarrak nagusitasunez gailendu ziren Artalekun bildu ziren zaleen gozamenerako (32-20).
Ohikoa den bezala, egutegiak ez du etenik izango irundarrentzat, eta asteburuan agurtuko dute 2022ko Asobal Liga. Bidasoa Irunek larunbatean jokatuko du Kordoban Angel Ximenez Puente Genilen aurka, 17:30ean. Urteko azken partida, aldiz, datorren asteartean jokatuko dute bidasoarrek. EHF European Leagueko Multzoen Faseko seigarren jardunaldia izango da, eta Mazedonian jokatuko dute atzoko aurkari izan zen Eurofarm Pelister taldearen kontra, 20:45ean.