Parte hartze handia Podemoseko hautagaien ekitaldian
Euskadiko alderdi moreak hautagaien aurkezpen ekitaldia egin zuen larunbatean. David Nuño eta Miren Etxebeste hautagaiak izan ziren Irungo ordezkaritzaren buru.
2023ko udal eta foru hauteskundeetarako Euskadiko Podemosen hautagaien aurkezpen ekitaldia egin zen larunbatean Gasteizko Zabalganako gizarte etxean. Irungo Podemosek ordezkaritza zabala izan zuen bertan, David Nuño alkategaia eta Miren Etxebeste ahaldungaia Irungo ordezkaritzaren buruak izan zirelarik.
‘Eraldatzen duen indarra’ lelopean, alderdi moreak antolatutako ekitaldiaren helburua “Podemosek gizartearen aldaketa lideratzeko” egin duena aztertzea izan zen, eta zer egiten jarraitu behar duen “bandera hori beste aktore politiko batzuen artean desegin ez dadin”. Larunbateko topaketak 2023rako norabidea “sendotu” duela azaldu du alderdiak, “politika aurrerakoiak eta sozialak egiten jarraitzeko konpromisoarekin, herritarren gehiengoaren ongizatea biltzen dutenak, inor atzean utzi gabe”.
Pilar Garrido Kongresuko diputatu eta Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak gizarte politikak udalek eta udalerriek egiten dituztela azpimarratu zuen. Gainera, Irungo berdintasun politikak nabarmendu zituen, FEMPek ematen duen saria “merezi” izan baitute emakumeen aurkako indarkeriari buruzko tokiko jardunbide egokien VII. lehiaketaren edizioan.
Irungo Podemosek David Nuño eta Miren Etxebeste hautagaiekin eta Eukene Lopez bozeramailearekin hartu zuen parte Gasteizen. Militantziaren babesa ere izan zuten. “Bat eginda egoteko unea da, norabide berean arraun egitekoa”, azpimarratu zuen bozeramaileak. Bestalde, bi hautagaiek parez pare dituzten erronkez mintzatu ziren: “Daukagun urtea ilusio handikoa bada ere, erronka handiak dauzkagu: udal eta foru hauteskundeak. Urte bukaeran ere, ezkerrak oro har, erronka handia du”.