Garaipenaren bidean jarraitu nahi du Bidasoak
Bidasoak ligako bolada txarra eten zuen larunbatean Huesca menperatuta, eta garaipen horri jarraipena eman nahi diote gaur Artalekun Europako partidan.
Larunbatean Asobal Ligan Bada Huesca garaitu ondoren, garaipenaren bidera itzuli da Bidasoa Irun. Ligako hiru porrot jarrian izan ondoren, premiazkoa zuten irabaztea eta ez zuten huts egin. Baina ohikoa den bezala, egutegiak ez du etenik bidasoarrentzat, gaur izango baitute hurrengo erronka. EHF European Leagueko Multzoen Fasea bueltan da bosgarren jardunaldiarekin, eta Bidasoak Eurofarm Pelister talde mazedoniarra jasoko du Artalekun, 20:45ean. Gaurkoa, gainera, urteko Artalekuko azken partida izango da.
Jacobo Cuetarak onartu du Huescaren aurka lortutako garaipena “oso positiboa” izan dela taldearentzat: “Garaipena lortu eta gero gauzak beti hartzen dira beste modu batera. Garaipena eta sentsazio onak behar genituen, taldeak behar zuen eta oso positiboa izan da”.
Bidasoarrak eta mazedoniarrak berdinduta daude sailkapenean, lau punturekin, eta Cuetarak aitortu du “kalitate handiko” jokalariak dituztela: “Jokalari oso garrantzitsuak daude lesionatuta, baina kalitate handiko taldea da. Defentsan zailtasunak planteatzen dituzte, jarduera handiagatik eta albokoen irteeragatik; eta, erasoan, banakako desoreketan oinarrituta eta dena defendatzea zailtzen duena”.
Partidako sarrerak internet bidez eskura daitezke Bidasoaren webgunean.