Eraginkortasun handiagoz gastatzeko informazio kanpaina bueltan da
Gai horretan sakontzeko zenbait saio ireki egingo dira. Horietan lehena hilaren 15ean izango da Palmera Monteron, 'Erosketa berdea' izenburupean.
Kontsumitzaileari Informatzeko Udal Bulegoak (KIUB) jakinarazi du ekainean hasitako ‘Nola gastatu eraginkortasun handiagoz etxean?’ izeneko informazio kanpainari berriz ekingo diola. Lehen saioa hilaren 15ean izango da, Palmera Monteron, 18:00etan.
Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren laguntzarekin, prestakuntza programa bat ondu dute datozen hilabeteetarako, eta Eusko Jaurlaritzako institutu horretako teknikariek emango dute. Hainbat informazio saio ireki egingo dira hiritarrentzat, etxean egunerokoan eraginkortasun handiagoz gastatzeko jarraibideak edo aholkuak ezagutarazteko xedearekin.
Aurrez aipatu bezala, egitasmo horren lehen saioa hilaren 15ean izango da, Palmera Monteron, 18:00etan, ‘Erosketa berdea’ izenburupean. Horrez gain, 2023rako ere beste hitzaldi batzuk programatu dituzte ‘Bidaiatzera goaz’ eta ‘Banku eragiketak’ izenburupean. Bi saio horien egunak eta ordutegiak ez dituzte zehaztu oraindik. Hitzaldi guztiak irekiak dira, eta interesdunek ez dute izena eman beharrik.
Rebeca Gonzalez ordezkariak horrela azaldu du informazio kanpaina sortu izana: “Ekainean adineko pertsonekin egin genuen bezala, KIUBak ezagutzen du erosketa saskian eta gure eguneroko bizitzako zerbitzurik beharrezkoenetan prezioak igotzeak zer ekarri duen. Horregatik, familiei laguntza eskaini nahi die, egoera horri ahalik eta hobekien aurre egiteko informazio praktikoa eskainiz. Zerbitzuaren lana da kontsumo arduratsuaren arloan kontzientziazio ekintzak sustatzea, bai publiko jakin batentzat bai jende ororentzat, eta arreta ahalik eta gaurkotasun handieneko gaietan jartzen saiatzea”.