David Movilla izango da Real Unionen entrenatzaile berria
Prestatzaile bizkaitarrak Aitor Zulaikaren postua hartu du, eta bi urte eta erdirako sinatu du txuribeltzekin.
Ligan zeramaten bolada txarragatik, Real Unionek Aitor Zulaika entrenatzaile kargutik kendu zuen iragan astean, eta badu ordezkoa dagoeneko, David Movilla iritsi baita Stadium Galeko aulkira. Movillak (Barakaldo, 1980) bi urte eta erdiko kontratua sinatu du txuribeltzekin, eta Borja Agirretxu izango da bere bigarren prestatzailea.
Bizkaitarrak badu eskarmentua aulkietan, Arenas, Leioa, Barakaldo eta Zamora bezalako taldeak entrenatu baititu azken urteetan, eta Lehen Maila EEFF ondo ezagutzen du. Atzo zuzendu zuen bere lehen entrenamendua eta ostegunean eseriko da lehenengoz aulkian, Real Unionek ligako partida baitu Nova Creu Altan Sabadellen aurka.
Real Unionek jaitsiera postuetan jarraitzen du, baina ziur igandean lortutako garaipenak motibazioz bete duela taldea. Etzi izango dute bide horretan jarraitzeko aukera, 18:45ean. Sabadell sailkapeneko hamaikagarren postuan da, baina soilik bi puntuko abantaila du Real Unionekiko. Lehen Maila EEFF oso berdindua dago.