Udaltzainak labankadez eta gasari su emanez erasotzen saiatu da gizon bat
Eraso baten abisuagatik bertaratu ziren udaltzainak eta azkenean agenteei erasotzen amaitu zuen 33 urteko gizonak. Hainbat deliturengatik akusatu dute.
Giza hilketaren saiakera, agintaritza-agenteen aurkako atentatua eta jabetzaren aurkako kalte-delituaren akusaziopean atxilotu dute gaur goizaldean 33 urteko gizon bat Irunen.
Atzo, gaueko hamaikak zirela Irungo Udaltzaingoa etxe batera bertaratu zen ustezko eraso baten abisua jaso ondoren. Bertara iristean ataka zabalik zegoen eta gizona labana batekin auto lesionatzen topatu zuten. Udaltzaingoa arma zuria kentzen saiatu zen baina labankadak norabidez aldatu eta udaltzainei emateko saiakera egin zuen gizonak, inor harrapatu gabe.
Jarraian, butano bonbona baten balbula ireki zuen eta pizgailu batekin sua eman zion atera zen gasari, agenteak harrapatzeko asmoarekin, ertzaintzak zehaztu duenez.
Ekintza hori eta gero, bere etxean giltzapetu zen gizona, eta leherketa arriskuaren aurrean, etxebizitza hustu behar izan zuten. Gutxienez bost butano bonbona zeuzkala etxean zehaztu nahi izan dute, arriskua handia zela nabarmentzeko.
Ertzaintzaren negoziatzaile taldekoak direnak gizonak atea ireki zezan saiatu ziren baina azkenik esku hartze unitatekoei hots egin zieten. Etxean sartu ziren eta gizona konorterik gabe topatu zutenez, ospitalera eraman zuten.