Kepa Ordokiren omenaldian, herritarrei presioa egiteko deia
Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua zutik irauteko baldintzetako bat herritarren presioa dela argi dute, baita politikariak ausartak izatea ere.
Iragan larunbatean Kepa Ordoki komandantea omendu zuten Hendaiako hilerrian. Omendutakoaren izena daukan taldeak egin zuen deia eta oroimen historikoaren aldeko elkartearen balantzea egiteko probestu zuten beta.
2022a Komandantzia aldizkaria argitaratu den urtea dela adieraziz hasi ziren. Urte luzeetako lanaren ondorioa da aldizkaria eta Bidasoaz ikasitakoa gizartean errotzen hasi dela nabaritu dute, “duela urte batzuk sakrilegioa” zirudien gai horietaz ari dira.
Irunek jasan zituen 33 bonbardaketak, Pequeña Velocidad frankismoko kontzentrazio esparrua eta komandante militarrek zuten eragina jarri dituzte eredu gisa.
Joan den hilabetean Via Irun planak arriskuan jarri zuen Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua eta hori Kepa Ordoki taldeak asmo horren berri eman zuen. Hori ekidin nahian, hainbat eragilerekin kontaktu txanda bat egiten dabiltzala aurreratu dute eta lehen ondorioetako bat etorkizun zaila duela izan dela diote.
Eraikina zutik mantendu ahal izateko herritarren laguntza ezinbestekotzat jo dute eta arduradun publikoei ausarta izateko interpelatu diete. “Presio herritarra sortu behar dugu. Bestela, gunea bota, frankismoak Gipuzkoan izan zuen kontzentrazio bakarra desagertu eta bertan borrero izan zirenei mesede egingo zaie”.
Euskararen Nazioarteko Eguna zen omenaldia egin zen larunbata eta euskara oroimena duen hizkuntza dela azaldu dute. “Geure hizkuntzak ere egia, justizia eta erreparazioa” behar dutela aldarrikatu dute. Euskara frankismoaren biktima kontsideratzen duela Memoria Demokratikoaren legeak gogoratu dute.
Dena den, lege horrek tranpa dutela diote eta ez dutelako aplikatuko 2015eko biktimaren estatutua. “Hemen ere biktimek tratu asimetrikoa izango dute”.
Hurrengo hilabeteetan berritasunak izango dituztela argi dute. Izan ere, duela gutxi jakin zuten Nicolas Gerendiainen atxiloketan esku hartu zutela Meliton Manzanas eta Jose Bazan poliziek. “Beste behin esan dezakegu herri honek pairaturiko gerra zikinaren hariaren abiapuntua 36an dagoela”.
Azkenik, Kepa Ordoki komandantea gogoratu dute eta harro direla haren militantziaz nabarmendu dute. Erreferentzia dela egun komandante izandako garai polarizatu hauetan diote, beti egin baitzuen aitzina euskal kausaren alde. Eusko Gudariak abesten amaitu zuten ekitaldia.