EH Bildu: "Gaur egun euskal komunitateak ezin du Irunen euskaraz bizi"
Irungo EH Bilduk ez du bat egin Irungo Udalaren Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalarekin. "Ezer gutxi" dagoela ospatzeko uste baitute.
Irungo EH Bilduk ez du bat egin Irungo Udala osatzen duten alderdi guztiek Euskararen Egunaren karietara adostutako adierazpenarekin. 1982an Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea izan dute aintzat eta koalizioak irmo salatu du “ezer gutxi” dagoela ospatzeko.
Duela 40 edota 60 urte baino hobe dagoela egoera onartu dute, baina aurrerapauso gutxi batzuk eman direla eta eman zitezkeen pausuak bere horretan geratu direla azaldu dute. “Euskaldunok ez ditugu hizkuntza eskubideak bermatuta eta euskararen alde egiten duen erakunde orori dagokigu hori bermatzea”.
Euskarazko irakurzaletasunari ere egin diote erreferentzia eta hori sustatzearen beharra dagoela azaleratu dute. “Akordioak, legeak, hizki zerrenda hutsalak dira inork ez baditu irakurtzen”. Iritzi dute momentua egokia dela hartu diren eta hartuko diren erabakien funtsa zehaztekoa.
Euskararen erabilera eta ezagutzaren datuk arazoak ezkutatu eta zuritzen dituztela garai honetan diote abertzaleek. Errealitatea, euskal hiztunen eskubideak ez bermatuta egotea dela diote: “Gaur egun, euskal komunitateak ezin du Irunen euskaraz bizi. Hori da datu objektibo bakarra. irundarrok ez gara estatistiketarako zenbaki soilak”.
Zenbaki izatetik haratago eskubideak dituzten pertsonen izaera aldarrikatu dute. “Gure bizitza nahi dugun hizkuntzan edota hizkuntzetan bizitzeko hautua errespeta diezaguten nahi dugu”. Irungo Udalari leporatu diote beren erabaki politikoekin ez dutela berme hori lortzeko behar adinako ahalegina egiten.
Euskaraldiari buruz ere mintzatu dira. Udalak ekimenarekin bat egitekotan “erabaki zentzuduna eta eraginkorra” behar duela izan diote. “Hamabost eguneko tartea ez dadila izan txaparen aitzakian instituzioen diskurtsoa moldatu, hitz politekin apaindu eta ekimena bukatu bezain laster molde zaharretara itzultzeko”.
Herritarrei zerbait eskatu aurretik, instituzioek haien burua hornituta eta babestua izan behar dutela diote. Bide horretan, udal taldeek euskararekiko konpromisoa bere gain hartzearen itxaropena adierazi dute. “Argi dugu etorkizunaren giltzarria politika aktiboak baino politika aktiboekin bat egingo duten erakundeetako irundarrak izango direla. Horrela soilik lortuko baita irundarren artean adostasuna”.