Santano eta Rousset muga pasabideetako zirkulazioaz aritu dira
Etorbidearen zubia irekitzearen beharra aldarrikatu du alkateak, eta bilerak egiten ari da gaia konpontze aldera.
Jose Antonio Santano Irungo alkatea Alain Rousset Akitania Berriko presidentearekin bildu zen asteartean. Bilera horretan Irungo mugaz gaindiko izaerarekin eta mugari lotutako gaurkotasunarekin zerikusia duten gaiak jorratu zituzten, esaterako, Etorbidearen zubiaren inguruan dagoen afera jakinarazi zion Santanok: “Denok batera arraun egitea beharrezkoa da, 2021eko urtarrilaz geroztik Frantziako agintariek itxitako Etorbidearen zubia berriro ireki ahal izateko, horrek eragozpenak sortzen baititu Bidasoaren bi aldeetako herritarren arteko mugaz gaindiko bizikidetza ohiko eta naturalean”.
Akitania Berriko presidenteak bat egin zuen Santanorekin, eta Roussetek azaldu zion Pirinioetako Lan Elkarteko Kontseiluaren bilkuran gai hori aztertzea aurreikusita zegoela. Akitania Berriko presidentea izateaz gain, Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi euroeskualdeko presidentea ere bada, eta presidente den aldetik, Roussetek aitortu zuen gutun bat bidali ziola Elisabeth Borne lehen ministroari mugako pasabideak berriz irekitzeko eskatzeko, “pertsonek aske zirkula dezaten defendatze aldera, europar integrazioaren oinarrizko printzipioetako bat baita”.
Santano azken asteetan mugako alde bateko eta besteko agintariekin bildu da, Etorbidearen zubia ireki dadin eskatzeko. Irungo Udalak 2,2 milioi euro inbertitu zituen Irun eta Hendaia lotzen dituen oinezkoentzako pasabidea lehengoratzeko, eta 2020ko abuztuaren 28an ireki zen berriro. Frantziak, baina, 2021eko urtarrilean, zubi hori eta beste zortzi muga pasabide ixtea erabaki zuen, eta, aldi berean, kontrolak ezarri zituen gainerako mugetan, terrorismoaren aurkako alertaren esparruan. Pasabide batzuk ireki dira dagoeneko, baina Etorbidearen zubiak itxita jarraitzen du.
Alkateak hainbatetan adierazi die Frantziako eta Espainiako erakundeetako arduradunei pasabide horren egoerak “garrantzia handia” duela merkataritza eta turismo gunea delako. Hori dela eta, zubia ixteak “inguruko bizitza sozial eta ekonomikoan larriki eragiten” duela azaldu du. Santano bildu da jada Euskadiko eta Nafarroako gobernu ordezkariekin eta Pirinio Atlantikoetako prefeta berriarekin gaia aztertzeko. Gutun bat ere bidali dio Pedro Sanchezi gaiaren inguruko informazio helarazteko.