2023an ere Irungo garraio publikoa erdi preziora
Aurrekontuen zirriborroan dagoeneko jasota dagoela hau bideragarri egiteko partida azaldu du Jose Antonio Santano alkateak.
Garraio publikoaren prezioa erdi preziora dago irailetik eta Jose Antonio Santanok gaur esan du 2023an ere %50eko hobariari eutsi egingo diotela. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko gainerako hobariei gaineratuko litzaieke.
Prezioa murriztearen erabaki politikoa “oso neurri erraza eta praktikoa” dela erakutsi dela adierazi du alkateak, “garraio publikoaren erabilera handitzeko eta, horrela, gure hirietako mugikortasun jasangarria hobetzeko”. Neurria hartu zenetik garraio publikoaren erabiltzaile kopuruak gora egin duela baieztatu dute udaletik.
Hobariari eustea Irungo aurrekontu proiektuan jasota dagoela aurreratu du Santanok eta hiriko autobusen prezioen beherapena egiteko partida bat prestatu dute horretarako. “Garrantzitsua da erakunde guztiok ikusi dugunean neurri ona dela, bakoitzak bere arduren eta aurrekontuen esparruan beherapenari aurre egiteko baliabideak jartzea. Garraio publikoa euskal erakundeen eskumenekoa da”.
Oroitu dute Espainiako Gobernuaren lege dekretuaren ondorioz murriztu zirela tarifak eta ordutik dagoela %50-eko beherapena Irunbuseko autobusetan, taxibusetan eta landa-autobusetan. Hasiera batean hil honen 31ra arte mantendu behar zuten tarifen murrizketa baina 2023 urte osora luzatu dute.