Iazko suteek kaltetutako Etxolazarretako eremua berreskuratuko du udalak
Aldundiaren Borondatezteko Karbono Funtsa bideratuko dute bertako begetazioa birlandatzeko. Aiako Harriko 199.952 hektarea dira guztira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten sortu duen Borondatezteko Karbono Funtsa erabilita lehengoratze ekologikoko lehen jardueraren aurkezpena egin dute gaur Irungo Udalean Jose Ignacio Asensio, Naturklimako presidente eta diputatuak, eta Jose Antonio Santano hiriko alkateak.
Bidasoa auzoan eta Aiako Harrian dagoen, eta udalarena den Etxolazarretako eremua berreskuratu nahi dute, 199.952 hektarea dituena eta iazko suteek kalte larriak eragin zuena.
58.000 euroko diru funtsa karbono aztarna konpentsatzeko erabiliko da, bertako eremua berreskuratuz. Horretarako, flora autoktonoa landatu nahi dutela adierazi du alkateak. “Pagoak, haritzak eta zuhaixkak landatuko dira”. Instituzioen arteko elkarlana txalotu du Santanok inguruneari onura egiten diolakoan.
“Gaur egun finkaren zati bat bere kabuz lehengoratzen ari da, baina beharrezkotzat jo da partzelaren gainerakoan jardutea segida ekologikoko prozesua azkartzeko, ekosistemak inpaktu berrien aurrean izango lukeen erresilientzia laguntzeko eta karbono hustubide gisa jarduteko duen gaitasuna hobetzeko”.
Irungo Udalarena den Aiako Harriko beste lursailen baten horrelako jarduketa bat behar duen galdetuta, “posible dela eta etorkizunean ikusiko dutela” erantzun du. Era berean, ea iazko sutea piztearen arrazoia zein den galdetu dio HITZA-k eta ez du erantzun, soilik haizeak hedatu zuela.
2021eko sute handia
Iazko otsaila amaieran Irun, Bera, Biriatu, Lesaka eta Urruñako mendietan piztu zen sutea. Gipuzkoako azken hamarkadako suterik handiena izan zela jakinarazi zuen aldundiak.
400 hektarea inguru erre zirela kontatu zuen foru aldundiak eta horietatik 275 ha publikoak (Irungo Udalarenak) eta 125 ha pribatuak, guztiak Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan.
Baso autoktonoak suntsitu ziren batik bat, Endarako hariztia eta Bidasoa inguruko haritzak. Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak azaldu zuen hego haize asko zegoela sutearen aurreko bost egunetan eta landaredia eta lurra asko lehortu zela ondorioz.
Eider Mendoza: “Larunbatean bertan, haize boladek 130 km/h-ko abiadura hartu zuten eta hezetasuna % 40tik beherakoa izan zen. Baldintza horiek eta inguru horretan dauden maldak direla eta, sua erraz eta indar handiz zabaldu zen, eta, une batez, sugarrek Aiako Harriko parke osoa inguratu zuten Iparraldetik, Lesakatik eta Beratik”.