Emakume sortzaileen azoka, larunbatean San Juan plazan
Hiriko gazteen sormen lanak sustatu eta ezagutarazteko helburuarekin, hiriko zazpi sortzailek hartuko dute parte azokan.
Irungo Udalak jakinarazi du larunbatean, hilak 3, Emakume Sortzaileen Azokaren hirugarren ekitaldia egingo dela San Juan plazan. Gazteria arloaren Konekta zerbitzuak antolatua, 11:00etatik 14:00etara izango da, eta bere xedea hiriko gazteen sormen lanak sustatu eta ezagutaraztea da.
Irungo artista, sortzaile eta artisauak ezagutzeko aukera egongo da, eta euren artea erakusteko beta izango dute. Horrelako egitasmoekin, gainera, artisau gazteen sare bat sortu nahi dela nabarmendu du udalak.
Sortzaile hauek izango dira protagonistak:
- Julia Lasa: Irudiak eta liburuak dira haren artearen oinarria. Bere estiloan oinarritutako margolanak eta irudiak sortzen ditu. @julia.lasa.
- Ane Zufiaurre: Artista honek irudiak sortzen ditu, bai eskuz, bai bitarteko digitalen bidez, egunerokotasuneko egoeretan oinarrituta. @ane.ilustra.
- Patri Taberna: Irudi digitalak sortzen ditu, besteak beste, inguruneko naturan oinarrituta. @patri.taberna.
- Iraitz Arabolaza ‘Aiuma’: Belarritako eta lepoko originalak egiten ditu eskuz. Muralismoan ere aritu izan da. @iraitz_paintings.
- Maria Fierro ‘Pun.topng’: Irudi digitalak, artisautzako belarritakoak eta paperezko koadernoak sortzen ditu, eskura dituen material guztiak erabilita. @pun.topng.
- June ‘Matrape Macrame’: Makramezko artisautza lanak egiten ditu (belarritakoak, eskumuturrekoak, lepokoak…) baita kakorratzez egindako arropa ere. @matrape_macrame.
- Alba ‘Alanas Cotton’: Eskuzko margolanak egiten ditu, baita irudi digitalak ere. @alanas_cotton.