Bidasoa eskubaloi taldeak Bidashopekin batera, azaroaren 11tik 24ra elikagaien bilketa egin dute eta emaitzarekin oso kontent ageri dira antolatzaileak.
Azaroaren 11tik 24ra Irungo 60 merkatarik Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren bilketarekin bat egin dute, eta gaur, bildutakoa bankuko kideei eman diete. Jesus Albisu boluntario eta Bidasoako jokalari ohia izan da bilketaren berri eman duena.
Aletxoa jarri duten guztien arrakasta dela bilketa azaldu du Mikel Castro merkatari eta Bidashopeko presidenteak, eta oso pozik daudela iniziatibaren erantzunarekin. “Hemendik aurrera elkarrekin egingo ditugun jarduera gehiagoren hasiera izan da”.
Kilo gehien bildu dituen saltokia Castromar arrandegia izan dela jakinarazi dute, Dunboa auzoan dagoena. Horrenbestez, Bidasoa Irun taldearen kamiseta bat zozkatuko du dendak, eta nahi duten gainontzeko dendek sarrera bikoitza zozkatzeko aukera izango dute, irabazleek Artalekun hiriko eskubaloi taldearen neurketa batez goza dezaten.
Hamahiru egunetako bilketaz gain, azaroaren 22an Artalekun jokatu zen EHF European Leagueko Multzo Faseko partidan zaleek elkartasuna adierazteko aukera izan zuten. Albisuk orduko hartan Bidasoaren zaleek izandako jarrera eskertu du.