Be Veggie jaialdi beganoa, asteburuan Ficoban
Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, haurrentzako jarduerak, zozketak edota zuzeneko musika egongo dira. Sarrera eta aparkalekua doan dira.
Laugarrenez itzuliko da Be Veggie jaialdia Ficobara, bizimodu %100 begetala bultzatzen duen festibala. Aurtengoa asteburuan izango da, larunbatean, hilak 3, 10:00etatik 20:00etara eta igandean, hilak 4, 10:00etatik 19:00etara. Osatu duten programazioaren barruan erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, haurrentzako jarduerak, zozketak edota zuzeneko musika egongo dira; hortaz, beganismoa zer den eta haren oinarrien arabera nola bizi jakiteko, ezagutzarako eta hausnarketarako gunea izateaz gain, aisialdirako eta josketarako tartea ere egongo da. Sarrera eta aparkalekua doan dira, eta sarrerak Be Veggiren webgunetik deskarga daitezke. Jaialdiaren programa osoa ere bertan aurkituko dute interesdunek.
Jaialdiak hainbat erakusketa gune izango ditu. 55 enpresek elikagai %100 beganoak eskainiko dituzte, kosmetika eta moda beganoa egongo da edota Zero Waste produktuek eta toxikorik gabeek euren txokoa izango dute.
Hitzaldiek ere pisu garrantzitsua izango dute Ficoban, eta hainbat gai jorratuko dituzte: ongizatearen alderdi guztietan aurrera nola egin bizimodu beganoarekin; kosmetika; elikadura begano osasungarria; zauritutako animalia basatien sorospena eta lehen laguntza emateko protokoloak; edota animalien eskubideak.
Lau mahai inguru ere ondu dituzte: plant based elikagaien joera berriak; animaliei laguntzeko komunikazio eraginkorra; modaren mundua eta jasangarritasunerako bidea; eta Aktibismoa: pasibotasunaren aurkako ekintza.
Sukaldaritza beganoak ere bere espazioa izango du jaialdian, eta hainbat elikagai dastatzeko eta prestatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek; esaterako, neguko hartzituak sagar eta aza txukrutarekin, itsas zaporeko krema, arkume gisatu beganoa, bonboiak, turroiak, edota txokolate beganoa.
Moda erakusketa bat, haurren txokoa, zuzeneko musika eta yoga klaseak izango dira Be Veggiren beste proposamenak. Berritasun gisa, txakurrak eraman ahal izango dira Ficobara.
Landa lana
Bi erakundek jaialdia aukeratu dute beganismoaren inguruko landa lana egiteko. Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutua eta Nafarroako Unibertsitatea, eta Proveg International. Nafarrek VeganScreener europar proiektuan parte hartzeko interesa duten boluntarioak bilduko dituzte. Proiektu horren helburua da beganoen nutrizio balioei buruzko galdeketa bat garatzea eta baliozkotzea. Parte hartzea erabakitzen dutenei bitaminen, mineralen eta beste biomarkatzaile batzuen azterketa egingo zaie doan.
Bestalde, Proveg Internationalek, inkesta bat egingo du jakiteko ea pertsonak ohartzen garen gure elikatzeko moduak zenbateraino eragiten duen ingurumean.