2023 urteko Aurrekontuak onartu egin dira
25.160.167 euroko aurrekontua izango du Hondarribiko Udalak datorren urterako. Oposizioak aurrekontuen izaera "ez soziala eta ez parte hartzailea" nabarmendu du.
Gaur goizean 09:30ean hasi da 2023 urteko Aurrekontuak eztabaidatzeko ez ohiko bilkura. EAJren aldeko bozkarekin eta gainontzeko alderdien kontrako bozkarekin onartu dira. Hortaz, 25.160.167 euroko aurrekontua izango du Hondarribiko Udalak datorren urterako. Sekula aurkeztu den proposamen handiena izango da gainera.
Datorren urteari begira ilusioz eta aurrera egiteko gogoz daudela azaldu dute jeltzaleek. 2023ko Aurrekontuak onartzearekin batera hamasei proiektu onartu dituzte, hala nola, Muliateko udal-lokalen proiektua, urte bukaeran lizitatuko dutena; Zubietako Kanpus teknologikoa, 2023an pausu berri bat eman eta hitzarmen berria sinatuko dutena; edota Presako alokairuko etxebizitza publikoa 2023an eraikitzen hastea aurreikusi dutena. Horietaz gain, bost ardatz estrategikoetan banatutako diru partidak onartu dira: Pertsonen eta familien alorrean 2.859.966 euro; Tokiko ekonomia bultzatzeko 1.594.100 euro; Garapen iraunkorrerako 7.580.040 euro; Herritarren intereseko gauzei bultzada emateko 5.590.550 euro; eta Herritarrentzako zerbitzu eta arreta emateko 7.664.968 euro. 2021 eta 2022. urteetan egin bezala, datorren urterako ere “beharren gogoeta egitea, aurre hartzea eta erantzun bat emateko” konpromisoa hartu du EAJk.
EAJk aurkeztutako hasierako proposamenez gain, zazpi emendakin onartu dira: 268.678 euroko balioarekin:
Abotsanitz taldearen bi emendakin: Gizarte zerbitzuen Plan Estrategikoa idazteko 15.000 euro eta berdintasunari loturiko jarduerak egiteko 25.000 euro. PSE-EEren emendakin bat: 55.000 euro Arrantzale auzoan zantzazko kamerak jartzeko. EH Bilduren emendakin bat: 30.000 euro euskarazko hedabideetan publizitatea egiteko. Eta EAJren hiru emendakin: Kasino Zaharra Adinekoen Etxeko Elkarteari diru laguntza bat emateko 9.000 euro; Moby Dick liburua euskaraz itzultzeko 10.600 euro eta Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako diru laguntza 129.078 euro.
Aurrekontuak onartu badira ere, Abotsanitzen, PSE-EEren eta EH Bilduren aurkako bozkarekin egin dute aurrera. Abotsanitz udal taldearentzat aurrekontuek ez dituzte herritarren nahiak asebetetzen eta esandako hitzetatik errealitatera “salto handia” dagoela adierazi du. Izan ere, aurreikuspen gauzatze maila “oso baxua izaten da”. Aurrekontuen gardentasuna ere zalantzan jarri dute aurrekontuek eta ulerterrazak izan behar dutela aldarrikatu dute: “Herritarrek ulertu behar dute zein izango diren beteko diren ekimenak eta proiektuak”. Esku artean duten aurrekontuan, ordea, “definitu gabeko eta helburu zehatzik gabeko” proposamenak daudela esan dute. Bestalde, herritarren parte hartzea beharrezkoa dela adierazi, eta zentzu horretan, parte hartze prozesurik egin ez dela deitoratu dute. Gizarte alorrean partida sozialak eta euskarakoak jasan duten murrizketarekin ere ez datoz bat. Gainera proposamenak negoziatzeko negoziazio eza salatu du taldeak. Horrengatik guztiagatik aukako bozka egin dute.
PSE-EEk ere aurrekontuen aurka bozkatu du. Sozialistentzat aurten aurkeztu dituzten aurrekontuak “urteroko berdinak dira, ez dute berritasunik”. Hortaz gain, aurreko urteetan hartutako zenbait konpromiso ez betetzea leporatu dio udal taldeari.
EH Bilduk ere ildo beretik jo du. Bilkideentzat aurrekontuen defizita parte hartzean eta gizarte politiketan dago: “Pandemian konturatu ginen zein garrantzitsuak diren partida sozialak” eta “inflazioak eragingo duen zuloa eremu sozialeko programei eragingo die gehien bat”.
Ez ohiko bilkura amaitu baino lehen, 2023ko Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrendaren aldaketa onartu da. EAJren aldeko bozkarekin eta Abotsanitzen, PSE-EEren eta EH Bilduren abstentzioarekin.