Udal garbitzaileek eta ISS enpresak epaiketa izan dute gaur
Epaiketan hiru puntu nagusi aldarrikatu dituzte garbitzaileek. Enpresak, ordea, ez du bat bera ere onartu.
Gaurko egunez gauzatu da Udal Eraikinetako Garbitzaileen eta ISS Facility Service enpresaren arteko epaiketa. ELA Sindikatuak urrian demandatu zuen enpresa, zerbitzu minimoen aplikazioan Eusko Jaurlaritzaren dekretua ez zuelako bete, are gehiago, baldintza gogorragoak ezarri zizkien langileei: “zerbitzu minimoak gurekin negoziatu gabe eta neurriz kanpo aplikatu zituzten”.
Garbitzaileek beti izan dute argi epaiketara iristea ez zela beren intentzioa. Hasieratik negoziazio mahaian akordio duin bat bilatzen tematu dira, baina orain arte ez dute akordiorik lortu, nahiz eta urriaren 28az geroztik, hainbat bilera bateratu izan dituzten udalarekin eta enpresarekin. ELA: “Guk ez genuen uste azaroaren 30era arte iritsiko ginenik, epaiketa mugarri bat zen guretzat”. Enpresaren jarrera ordea bestelakoa da: “Presioa eginez gauzak lortu daitezkeelaren aurrekaririk ez dute sortu nahi”.
Epaiketan hiru puntu nagusi aldarrikatu dituzte garbitzaileek:
- Langileen eros ahalmena ez galtzea, hau da, KPIa igotzen den heinean, ezberdintasuna soldatetan oinarritzea eskatzen dute, eta ez enpresak dioen bezala, ordainketa bakarra egitea igoera egonkortu gabe.
- Jardunaldi partzialetan kontratu portzentaia ez jaisteko konpromisoa hartzea. Izan ere, oraingo hitzarmenean enpresak edozein momentutan jaitsi baitakieke jardunaldia. Enpresak ordea, ezezkoa eman dio puntu honi “beren negozio margina horretan datzalako”.
- Lanpostuen artean dauden desberdintasunak identifikatzea eta horiek orekatzea. Honi ere ezezkoa eman dio enpresak.
Gaur izandako epaiketaren ondoren, epailearen diktamenaren zain geratuko dira udal langileak, baina ordura arte ez dira geldirik geratuko. Bigarren demanda bat prest dute “enpresa grebalarien ordezkapen irregularra egiten aritu baita”. Kasu honetan kanpotik, hau da, greban ez zeuden langileak ekarri zituztela salatuko dute.
ELA Sindikatuak dioenez amaieratik gertu daude, baina azken pausua falta dute: “akordio on batekin lanera bueltatu nahi dugu”.